Abenduaren 6tik 10era bitartean egingo da Donostiako IV. Sagardo Apurua, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatuta. Boulevardean baserri-sagardotegi zahar bat berreraikiko dute, eta bertan egingo dira egitarauak jasotzen dituen ekitaldietako asko.
Festaren helburua da sagardoaren kultura jendeari zabaltzea, garai bateko ohiturak eta gaur egungo joerak azaltzea, 2017ko uzta berria aurkeztea eta hainbat eragileren arteko elkarlana bultzatzea, Sagardogileen Elkarteak azaldu duenez.
"Bisitariak behar bezala hartzeko hobekuntzak bideratu ditugu aurtengo edizioan", diote antolakuntzatik. "Donostiak hiriburu gisara produktuekin (sagardoa kasu) historikoki izan duen harremana azaldu eta sektoreak eskaintzen dituen plan, otordu eta beste hainbaten erakusleiho izango da batetik Apuruan bertan egongo den informazio puntua, eta bestetik, Apuruan kultura eta historia azalduz jarriko dugun museo-erakusketa".
Albaola Itsas Faktoriak euskaI itsasgintzaren inguruko erakusketa berezia eskainiko du, Zeraingo Museo Etnografikoak eta Beasaingo Igartza Jauregiak burdinaren inguruko erakusketa bat eta Euskal Museo Etnografikoen Sareak ere izango du lekurik.