Eusko Jaurlaritza Aste Nagusi Pirata "kolokan jartzen" ari dela salatu dute

  • Aste Nagusirako hiru aste eta erdi falta direnean, Donostiako Piraten mugimenduak prentsaurrekoa eman du kaian. Bertan salatu dute azken urteetan administrazioaren partetik "oztopoak" jasotzen ari direla eta "beren poltsikoak betetzeko interesa besterik ez duten enpresak bezala tratatzen" dituztela.


2017ko uztailaren 19an - 11:14
Abordatzea da Aste Nagusi Piratako ekimen sinboliko eta nagusiena.

Jai herrikoien aldeko eragileko kideek adierazi dute Eusko Jaurlaritzarekin izaten ari diren elkarrizketek "ez dutela aurrera egiten" eta ez dutela adostasunerako borondaterik ikusten.

Salatu dute Eusko Jaurlaritza tasa komertzialak kobratzen ari zaizkiela eta horrek kolokan jartzen duela proiektua.

Jarraian irakurgai prentsaurrekoan irakurri duten idatzia.

15 urteko enbata, gora Donostia Pirata!” lelo hau aukeratu dugu aurtengo Aste Nagusi Piratarako. Hamabost urte igaro dira 2003ko abuztuaren 11n lehen aldiz itsasora jauzi egin genuenetik. Orduz geroztik, Pirata ugari batu zaizkigu itsasontzira eta auzolana lagun, Donostia abordatzeko bide berriak irekitzen jarraitzen dugu; Jai herrikoi, euskaldun, askatzaile eta parekideen alde. Ehunka pirataren borondatezko lanarekin, milaka lagunek gozatzen duten Aste Nagusia egiten dugu urtero. Inolako irabazi asmorik gabe, gure hiriari eta, batez ere, hiritarrei eskainitako jaiak antolatzen daramatzagu 15 urte. Eta gustura egiten dugu, honetan sinesten dugulako, Donostiak bestelako jai eredu bat ezinbestekoa zuela uste genuelako hasi ginen, eta berdin pentsatzen jarraitzen dugu.

Aurten ere Aste Nagusi Pirata herrikoi eta partehartzailea egitea da gure asmoa, lagun askoren izerdi eta irribarrearekin osatutako egitaraua prest dugu. Aurreko egunetan ikusi ahal izan duzuen bezala, jakinarazi dugu jada zein izango den Flamenkako musika eskaintza eta 12 kofradiak osatutako 12 jai egitarauak ere kaleratu ditugu. 15. Aste Nagusi Pirata eder eta anitza bizitzeko ia dena prest dugu.

Hala eta guztiz ere, ezin ditugu ahaztu bidean zehar gainditu behar izan ditugun hamaika oztopo. 2008an kaia Aste Nagusi Pirataren erdigune egin genuenetik, esaterako, asko izan dira gainditu behar izan ditugun oztopoak, eta denak ez dira izan itsasotik etorritako ekaitzak eragindakoak.

Piratena bezalako herri mugimendu batentzat, pertsona anitzen borondatezko lanari esker antolatzen den herri mugimendu batentzat, izugarrizko indar xahuketa da urtero urtero administrazioarekin borroka egin behar izatea. Gure ustez herri mugimendu batek herritarrentzako zerbait antolatzeko asmoa agertzen duenean administrazioarengandik jaso behar lukeena laguntzeko prestutasun osoa da. Azken finean, herritar guztiena den eremu bat erabili nahi dugu herritar guztiei irekia den jaia antolatzeko. Horren ordez, urtero jaso duguna burokrazia itogarri eta nahasgarria izan da: irizpide aldakorrak, azken momentura arte zehaztu gabeko erabakiak...

Norberaren poltsikoak betetzeko interesa besterik ez duten enpresak bezala tratatzen gaituzte. Ez luke hala izan behar. Aste Nagusiaren aurretik beti errepikatzen den zerbait da hau eta, egia da, urtero, herritarron babesaz indartuta, aurrera egin dugula negoziaketa administratiboen ur hotzetan. Baina gaurkoan, prentsaurreko honetara deitu zaituztegu benetan kezkatuta gaudelako. Kezkatuta gaude, Eusko Jaurlaritzarekin izaten ari garen elkarrizketek ez dutelako aurrera egiten, ez dugu adostasun bat lortzeko borondaterik ikusten elkarrizketaren beste aldean. Eta honek Aste Nagusi Pirata kolokan jartzen du.

Benetan kezkatuta gaude kaiaren erabilera adosteko Eusko Jaurlaritzarekin izandako elkarrizketetan jaso dugun jarrera ezkorrarekin. Aurrez esan dugun moduan, gure ustez herritarrok erraztasun guztiak izan behar genituzke herritar guztiei irekiak diren ekimenak eremu publiko batean antolatu ahal izateko. Gure uste sendoa hori izanda ere, ezaguna dugu errealitatea eta, horregatik, administrazioarekin eztabaidatu eta akordio batetara iristeko borondatea erakutsi dugu beti.

Irabazi asmorik gabeko mugimendu bat garen arren, kaian antolatzen dugun jaian salerosketa aktibitatea gertatzen denez tasa komertziala aplikatzen digu Eusko Jaurlaritzak. Ez dugu ezkutatuko, ez zaigu ongi iruditzen, ez gaude ados, ez dugu uste borondatezko lanarekin eta irabazi asmorik gabe jai batzuk antolatzea aktibitate komertzial gisa kalifikatu beharko litzatekeenik. Baina, eta hau ere esan dugu, akordio batetara iristeko borondatea da Piratetan nagusitzen dena. Eta, horregatik, Jaurlaritzari aurkeztu nahi genion proposamenean onartzen dugu tasa komertzial hau salerosketa ematen den eremu eta momentu konkretuan aplikatzea. Malgutasuna da eskatzen duguna: salerosketa aktibitate hori ematen ez den leku eta momentuetan tasa ez-komertziala aplikatzea: montaje eta desmontaje egunetan, eszenatokiak edo komunek okupatzen duten eremuan... Eta, horretaz gain, inolako azpiegiturarik ez dugun eremuetan tasarik ez aplikatzea.

Hori da Donostiako Piratok egiten dugun proposamena. Hori da Eusko Jaurlaritzari aurkeztu nahi geniona eta entzun nahi izan ez duena. Azalpenak ematen hasi bezain laster ezezkoa jaso genuen. Eta kezkatuta gaude, Jaurlaritzak adostasun batetara iristeko borondaterik agertzen ez badu, ez dakigulako aurtengo Aste Nagusi Pirata egitea posible izango ote den.

Egitaraua antolatu dugu, lanerako gogoz dauden ehundaka bolondres prest ditugu eta Aste Nagusi Pirataz gozatzeko milaka pertsona daude zain. Falta zaiguna administrazioaren borondatea da, adostasun batetara iritsi ahal izateko borondatea. Hortaz, hemendik dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari Donostiako Piratok luzatutako proposamena zintzotasunez berriro azter dezan. Prestutasun osoz, Donostiako Piratok berriro ere baldintza hauek eztabaidatzeko prest gaudela adierazi nahi diogu.

Aste Nagusi Pirata, herritar guztien Aste Nagusia delako. Kairik gabe, Aste Nagusi Pirata gure sustraietatik aldenduko litzatekeelako.

#GoraPiratakKaian

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jai herrikoiak
Diego Yllanesi ukatu egin diote haren inguruko albisteak ezabatzea

Nagore Laffagen hilketaren harira, Diego Yllanesek ahaztua izateko eskubidea aldarrikatu du. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskaerari uko egin, eta erabaki du informazio eta adierazpen askatasuna gailentzen zaizkiola.

 


Ehun bat eragilek Mugimendu Sozialistak txosnetan parte hartzea defendatu dute

"Mugimendu Sozialista gure herriaren errealitate politiko eta sozialaren parte da, eta ideologia baztertzailerik ez duen beste edozein eragilek bezala, espazio zabaletan eta jai herrikoien antolaketan parte hartzeko eskubidea dauka", adierazi dute oharrean. Makina bat... [+]


2024-02-14 | ARGIA
Ertzaintzak begia larri zauritu dion gaztearen aita
"Ez da bidezkoa, hamasei urte ditu; bada garaia gauzak aldatzeko eta asko gainera"

Villabonako Berdura plaza bete dute herritarrek otsailaren 13 iluntzean, Tolosako inauterietan Ertzaintzak gazte bati begia larri zauritu ziola salatzeko. Bere aitak azaldu ditu begian dituen lesio larriak eta Ertzaintzaren jokabidearekiko haserrea plazaratu du: "Ez da... [+]


Irungo inauterietako kartel irabazlea adimen artifizialak egina dela salatu dute

Irungo inauterietako kartel lehiaketa irabazi duen gizonak adimen artifizial bidez sortu du irudia, ziurtatu du Luis Doviso diseinatzaileak: “Iruzur egin du, bere burua egiletzat aurkeztu duen pertsonak ez duelako kartela egin, makina batek baizik”. Jakin gabe,... [+]


Eguneraketa berriak daude