Donostiako Piratek La Flamenka gunearen muntaiari ekin diote ostegun goizean Jaurlaritzaren baimenari itxaron gabe. Eguerdirako iritsi da EAEko gobernuaren agiria azkenik, jai gunea muntatzeko baimena emanez.
Dena den, Donostiako jai herrikoien aldeko mugimenduak adierazi duenez, "oso baldintza zorrotzak" eskatu ditu Jaurlaritzak baimena ematearekin batera.
EAEko Gobernuaren jarrera ikusirik, datorren urtean ere "arazoek jarraituko dutela" aurreikusi dute Piratek.
Hala ere, "ilusionatuta eta indartsu" dago mugimendua, baimena lortu dutela informatzeko argitaratu duten testuan irakurtzen denez.
Bi aste ezbaian
Piratek duela bi aste inguru jakin zuten Jaurkaritzak Aste Nagusiko gunea muntatzeko baimena ukatu ziela. Errekurtsoa aurkeztu zuten eta erantzunaren zain egon dira ostegun goizera arte.
Arazoaren berri izan zutenetik, Piratek hura konpontzeko borondatea agertu dute, eta hedabideen arabera Jaurlaritza ere irtenbidea aurkitzeko prest agertu da. Hainbat bilera izan dituzte portu saileko arduradunekin, baina ez dute emaitzarik izan jai gunea muntatzen hasi diren arte.
Jaurlaritzak eskatutako dokumentazio guztia ere aurkeztu dute Piratek. “Herri mugimenduari ezin dizkiotela bete ezin ditzakeen baldintza teknikoak eskatu” esan diote Jaurlaritzari, eta “herritarrak garela, ez enpresa pribatuak”. Iaz baino baldintza gehiago ez jartzeko eskatu diote.