Donostiako Parte Zaharraren kasua edo beste aldera begiratzeko antzea

  • Azkenaldi honetan, Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteak “Parte Zaharrean bizitzeko eskubidearen aldeko Manifestua” argitaratu ondoren, hedabide-manipulazio handi bat bizi izan dugu, turismoarekin eta ostalaritzarekin lotutako hainbat lobby ekonomikok, nahiz euskal alderdi eta erakunde batzuk bultzatua.


2017ko irailaren 07an - 11:22
(Argazkia: Turismo.euskadi.eus)

Parte Zaharrean bizi diren pertsonen arazoen errealitateari aurre egiteko helburua aintzat hartuta, Elkarteak oinarri sendo bat aurkeztu zuen, datu zehatzez hornitua, eta argi adierazi zuen nolako premia dagoen lehenbailehen jarduteko auzo iraunkor baten ereduaz, bizi daitekeen eta etorkizuneko belaunaldiek jarraitu eta beren proiektu propioei ekin ahal izango dieten espazio bat berreskuratu ahal izateko.

Zoritxarrez, auzoan bideratzen ari diren politika-jardun publikoek, egitez edo egin ezaz, uko egiten diote auzoa egoitza-espazio eta bizikidetzako leku gisa zaintzeko premiari, nahiz eta horrek izan behar xede nagusia.

Azken hamarkada hauetako kultura politiko eta instituzionalak alboratu egin du auzoen existentzia eta onbideratzeko duten premia, eta, era horretan, zerbitzuen eta mugikortasunaren esparruetako inbertsioak egitera mugatu da erakundeen ekimena. Jendea bizi den espazio bat baino askoz ere gehiago gara auzoak.

Alabaina, beste interes batzuek faltsutu dute auzia, edo beste alor batera eraman dute, hain zuzen ere turista gorrotatu edo ez gorrotatu alternatibara, era horretan isilaraziz bai aspaldi piztu ziren alarma-seinaleak, bai gobernuan dauden alderdiek azken 20 urteotan auzoan inposaturiko egitura-aldaketetan dituzten erantzukizun politikoak eta instituzionalak.

Lobbiek, hainbat alderdik (—PSE, PP, EAJ)— eta aipaturiko erakundeek, eraso ideologiko eta mediatiko amorratua egin diote beren hiri- eta turismo-ereduari egindako kritika-arrasto orori, helmugaren sustapen turistikoarekin hasten dela turistifikazioa ezkutatuz. Harritzekoa, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Diputazioa, Donostiako Udala eta gobernuan dauden alderdiak dira gure hiriaren sustapen turistikoaren erantzule nagusiak.

Donostiako alkateak, esate baterako, saiheska ipinita eta beste aldera begira, gauza bakarra erantzun zuen, sentipenez ez dela iritzirik eman behar, errealitateez baizik, eta alde batera utzi zituen Elkarteak eman dituen —eta gezurtatu ez diren–— datuak.

Lobbi ekonomiko horien interesen hornitzaile nagusietako batek, PSEk, mezulariarengan eta haren sintometan, protestetan, ipini zuen debatearen ardatz nagusia. Masako turismoaren kontrako kritika orori uko eginez, eta kosmopolitismoz eta modernotasunez jantziz, hark ere bere erantzukizuna ezkutatu nahi izan du. Zeinek utzi zuen bestela ostalaritza-establezimenduek osatutako industrialde bat Parte Zaharrean eraikitzen, aldez aurretik aztertu gabe halako ustiapen gehiegiak ingurumenean, gizartean, ekonomian eta hiri-egituran izan zezakeen eragina? Izan ere, horixe da Odón Elorzaren legealdia ezkero enkistatua dagoen errealitatea.

Eta, azkenik, euskal erakundeak, Gasteizko Gobernua buruan jarrita, “eragin-komunikazio” erdietsi baten zabalkundean elkartu ziren, desinformatzeko eta lobby horien merkataritza-interesak babesteko xedeaz, gogoan hartu gabe gainerako herritarren interes orokorra.

Batere lotsarik gabe agertu dituzte denek egia-osteak, faltsukeriak, gezurrak, bitxikeriak eta asmakeriak; eta hori dena zertarako, eta debate publikoa desbideratzeko. Zarata eta propaganda zinez eraginkorrak, esan egin behar da, Parte Zaharrak pairatzen dituen arazo zaharretan erantzukizunik handiena dutenei aurpegia garbitu besterik egin nahi ez zietenak.

6.000 lagun bizi gara Parte Zaharrean. 700dik gora merkataritza-lokal daude zabalik, eta 210 ostalaritza-establezimendu (29 biztanleko bat, ostalaritza-establezimendu bat baino gehiago 2 ezkaratzako); hiriko gainerako auzoen aldean, hiru bider merkataritza gehiago eta sei bider ostalaritza-establezimendu gehiago. Lokal guztien % 50 daude turismora zuzenduak. 11 kaletan daude bilduak ostalaritza-establezimenduen % 65. 17 gastronomia-elkarte, eta 280 apartamentu turistiko dago (eta horietatik, % 84 legez kanpokoak dira); 3 hotel (1 eraikitzen ari dira) eta 62 pentsio. Eta 1.600dik gora ohe turistentzat.

Halako merkataritza-ustiatze gehiegiak hain espazio murritzean ondorio zuzenak ditu, egoiliarren osasunean eta biziegokitasun-baldintzetan ez ezik, baita honako hauetan ere:

-Etxebizitzaren espekulazioan.

-Ondare historiko eraikian.

-Kultura- eta identitate-balioen suntsiketan (euskararen suntsiketan bereziki).

-Frankizien eta inbertsio-funtsen ugaltzean.

-Zaratan. Zaratak legezko mailak gainditzen ditu urte osoko asteburu guztietan, eta lau egun eta erdiz astero-astero apirilaren eta irailaren artean. Udalak duela bi urte pasa daukan txosten ofizial batean jasotako datuak dira.

-Zaborren kudeaketan. Hirian (180.000 biztanle) 21.588 tona jasotzen dira; Parte Zaharrean 3.172,82 tona, 4,4 bider gehiago bataz bestekoa aintzat hartuta dagokiona baino.

Kaleetako turista-masifikazioak eta ostatu turistikoen zabalkunde bizkorrak, legez kanpokoarenak bereziki, Parte Zaharraren egiturazko arazoak larritu besterik ez dituzte egin, arazo berriak sortuz eta aurrekoak ezkutatuz.

Gaurko gobernu-taldeak zuzenean ezagutzen du, eta lehen minututik, zein den egoera erreala Parte Zaharrean bizi direnen pertsonentzat:

1.Auzoaren iraunkortasunari begira, oinarrizko ekipamendu eta zerbitzu estrategikoak falta dira. Ikuspegi honetatik, Orixe ikastolaren kasua azkeneko pasartea besterik ez da.

2.Parte Zaharrean bizi diren biztanleek zarataran kontrako babesaren premia dute, Babes Akustiko Bereziko Zona izeneko lege-tresnaren bitartez.

3.Urgentea da jarduera-baimenak emateko luzamendua, eta lan-mahai baten sorrera, merkataritza-jarduera ordenatu, indarrean dauden ordenantzak berrikusi eta ordenantza horiek auzoan bizi diren pertsonei egokituko dizkiena.

4.Espazio publikoaren erabilerak antolatu behar dira, bereziki desregulazioarekin, irabaziarekin… zerikusia dutenena, eta oroz gain terrazen jarduera intentsiboa (kokapena, neurria eta ordutegiak), hala nola karga eta deskarga, mugikortasuna, eta kaleetara eta etxebizitzetara heltzeko erraztasuna.

5.Ingurumen-kudeaketa eskasa da: zaborrak, garbitasuna, gernua, isurbideak…

6.Larria da pisu turistikoei buruzko ordenantza baten premia (debatea zabalik dago). Ordenantza horrek, besteak beste, honako hauek hartu behar ditu gogoan: egun indarrean dagoen HAPOren (Hiria Antolatzeko Plan Orokorra) mugatzea mantentzea. Parte Zaharra osorik eremu saturatua deklaratzea. Ratio bat ezartzea ostatu turistikoaren eskaintzaren eta egoiliarren kopuruaren artean. Legez kanpoko jarduera kontrolatzea. Baimenak emateko baldintzak, adibidez: auzo-elkartearen baimena, sartzeko erraztasuna, eragozpenak saihesten dituzten neurriak, baimen hauek mugarik gabe ez ematea, etab.

7.Ez dago etxebizitza publikoko politika aktiborik, gazteentzat bereziki.

8.Ez da batere babesten ondare historiko eraikia.

9.Auzoaren identitatearen, historiaren, kulturaren… eta, batez ere, euskararen egoera dramatikoa.

10.Kudeaketa administratiborako sistema berri bat martxan jartzea, eta, batez ere, indarrean dauden ordenantzak betetzen diren ala ez kontrolatzea, eta orobat jardueren eta obren baimenak kontrolatzea, gardentasunean eta eraginkortasunean oinarriturik.

Bi urte luzeotan, Udalak beste aldera begiratu du, 240 legez kanpoko kasu  salatu badira ere, lokalei, zaborrei, zaratari, gernuari, ondareari, mugikortasunari, garbitasunari eta abarri buruzkoak. Horietatik, erantzunik gabe jarraitzen dute % 90ek baino gehiagok. Laster izango du Arartekoak txosten dokumentatu bat esku artean.

Bi urte igarota, Parte Zaharrean okerrago bizitzen dela egiazta genezake. Udala espezialista egin da beste aldera begiratzen, eta trebetasun osoa eskuratu du antze, argi dago, guztiz arduragabe horretan.

Horiek dira gero eta hotel-eskaintza handiagoa etengabe sortzen ari direnak: zer, eta 22 hotel berri ari dira hirian eraikitzen.

Horiek dira, EAJ eta PSE, legealdi honetan auzotarren bizimodua hobetzeko eta jarduera hauen guztien kudeaketa onbideratzeko ordenantza bakar bat onetsi ez dutenak, nahiz eta jarduera horiek, oro har, Donostiako Parte Zaharraren turistifikazioa eta gentrifikazioa bultzatu.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude