argia.eus
INPRIMATU
Donostiako metroko obretan langileek 19 ordu sartzen dituzte jarraian, ELAk salatu duenez
  • Donostiako metroa egiteko obretan, Mirakontxa eta Easo arteko zatian, azpikontrataturiko langileak egoera prekarioan ari direla salatu du ELAk, gehiegizko lanaldiak eginez erritmo handiarekin. Lan ikuskaritzan jadanik lau salaketa jarri ditu sindikatuak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2019ko uztailaren 15

"Komedia ala drama?", galdera hori luzatu du ELAk Donostiako metroko obren baldintzak deskribatzeko unean. Astelehenean Londres Hotelaren parean egin dute prentsaurrekoa eta Woody Allen zinema zuzendaria hirian filmatzen ari den pelikulari erreferentzia eginez, sindikatuko ordezkariek salatu dute "goian komedia barregarriak eta behean drama izugarriak" ikusten direla.

Azpiegitura publikoaren obrak Eusko Jaurlaritzak sustatzen baditu ere, lan gehienak esleitu eta azpikontratatu egiten dituzte, eta Mirakontxa-Easo zatian Cavosa Obras y Proyectos SA ari da azpialdea zulatzen, egoitza Madrilen duen enpresa. ELAk azaldu duenez, horko 20-25 langileak hamabi orduko bi errelebotan ari dira, baina zenbait kasutan bigarren erreleboko beharginek 19 ordu egiten dute lan jarraian: ostiralean 19:00etan sartu eta larunbatean 14:00etan irteten dira zulotik.

 

 

"Donostiako hondartza ederren azpian badira zulo beltzak", salatu du ELAk.

 

 

Egoera hori araudiaren guztiz kontrakoa dela dio sindikatuak, ez baitu betetzen ez Espainiako lanorduen errege dekretua, ezta Gipuzkoako eraikuntza arloko hitzarmena ere. "Bereziki nekagarriak" diren lurrazpiko lanetarako ezarritako gehienezko sei orduko lanaldia bikoiztu egiten dute Donostiako metroa eraikitzen ari diren langileek, eta kasu batzuetan baimendutakoa halako hiru sartzen dute.  

Lan ikuskaritzan lau salaketa jarri dituzte lanaldi luze eta erritmo jasanezinengatik, baita "baldintza prekario eta iruzurragatik" ere. ELAk gogorarazi du sektoreak bizi duen lan-ezbeharren tasa handiaren arrazoietako bat dela indarrean dauden arauak ez betetzea, eta "onartezina" iruditu zaio Eusko Jaurlaritzak sustaturiko obran "horrelako lan baldintza gizagabeak izatea".

Igor San Jose ELAko eraikuntza arduradunak azaldu duenez, Cavosa ez ezik, berarekin aldi baterako enpresa elkartean dauden gainerako enpresak ere salatu ditu sindikatuak (Sacyr, Campezo, Mariezkurrena eta Zubider). Enpresa horietako arduradunak laster bilduko dira ikuskatzailearekin azalpenak emateko; zentzu horretan, San Josek administrazio publikoari eskatu dio ez dezala "beste aldera begiratu".