Satorralaiak gogorarazi du 2019an Donostia Defendatuz koordiankundeak txostena aurkeztu zuela, hiriko hareatzetan azpiegiturak sortuko zituen arriskuen inguruan alarma jotzeko. Datorren igandean elkarretaratzea egingo du metroaren kontrako kolektiboak, salatzeko ekainaren 5ean tuneleko obretan gertaturiko hondoratzea.
Agerraldia egin du Donostiako Udaletxe aurrean Satorralaiak, Donostiako metroko obretan gertatzen ari diren ezbehar larrien inguruko bere balorazioa egin eta datozen egunetako mobilizazio eta ekintzen berri emateko. Azaldu duenez, ekainaren 5ean Zubieta kalean gertaturiko hondoratzearen arriskuaz jadanik ohartarazita zeuden agintariak, Donostia Defendatuz koordinakundeak txostena igorri baitzien, azpiegiturak Amarako eta Donostia erdialdeko eraikinen azpian dauden hareatzetan egingo zituen kalteak azalduz.
Satorralaiak eskatu du gelditu daitezela metroaren eraikuntza-lanak eta Espainiako Gobernuko Itsasertzeetako Zuzendaritzari ere obren baimena bertan behera uzteko exijitu dio. Izan ere, bere esanetan, Zubieta kalean hondoraturiko eraikinaz gain, beste hainbat eraikinetan ere "desegonkortze estrukturala" atzeman dute. "Donostian Metro bat eraikitzea, obra edonoraino eginda ere, logika ororen eta zentzu komunaren kontra doan zentzugabekeria bat", dio mugimenduak.
Datorren igandean, hilak 21, elkarretaratzea egingo dute Kontxako erlojuetan. Ekintza gehiago ere egingo dituzte zita horren harira, bai hondartzan baita erlojuen inguruan ere, esaterako Ramon Agirre aktorearen antzezlana ikusi ahal izango dute bertaratuek.