Beste behin, Donostiak ez duela metroa behar aldarrikatzeko kalera aterako dira herritarrak, abenduaren 20an. Hainbat bizilagunek egindako salaketen aurrean Udala “entzungor egiten ari dela eta pertsonen eskubideak ezerezean uzten dituela” salatu nahi dute.
Satorralaia bizilagunen mugimenduak deitu du martxa eta eltze-jotzea. Artzai Onaren plazatik abiatuko da, arratsaldeko 17:30ean, eta Udaletxean amaituko.
"Aukera egokiagoak eta merkeagoak badira"
Herritar gehienek “obra erraldoi hori” errefusatzen dutela dio Satorralaiak, hainbat argudiogatik: "Ez da beharrezkoa; Dbus eta Lurraldebus kaltetuko ditu; baliabide publikoak xahutuko dira (200 milioitik gora); eraikuntza-lanekin bizilagunei eta hiriari arazo handiak eragingo zaizkie; Donostiak garraio publiko ona du eta mugikortasuna hobetzeko aukera egokiagoak eta merkeagoak badira".
Gainera, proiektua "herritarren parte-hartzerik gabe inposatu" dela azpimarratu dute deitzaileek.