argia.eus
INPRIMATU
Donostiako metroaren lanek eraikin batean eragindako pitzadura salatu du Satorralaiak
  • Donostiako Zubieta kaleko eragin baten patioan agertutako arrakala "itzel" gisa deskribatu du mugimenduak. Lanak hasi zirenetik bost urte igaro direnean, Donostiako metroaren eraikuntzan egiten ari den "baliabide publikoen xahuketa etengabea" eta obra Donostian sustatzen ari den "politika urbanistiko kaltegarrien baitan" kokatzen dela salatu du Satorralaiak.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko otsailaren 22a
Eraikinean eragindako arrakala. Argazkia: Satorralaia.

Satorralaia bizilagunen mugimenduak Donostiako metroaren eraikuntza-lanek Zubieta kaleko eraikin batean eragindako ezegonkortze estrukturalaren larritasuna salatu du. Zubieta Kaleko eraikin baten patioan arrakala "itzela" agertu dela esan du eta argazkia bidali du hedabideetara.

Satorralaia mugimenduak jakitera eman duenez, arrakalaren tamainak eraikinean eragindako "desestabilizazioaren larritasuna" erakusten du. Etxearen egitura obraren alderantz mugitu dela esan du. Jaurlaritzak eta Udal-Gobernuak halako kalteak jendaurrean isilpean gordetzea "onartezina" dela azpimarratu du mugimenduak.

Bestalde, hondartzaren azpian egiten ari diren tunelaren zulaketa-frontea gaur egun Kontxako Pasealekuko arkupeetatik metro gutxira aurkitzen da eta datozen hilabeteetan Eraikuntza-Proiektuak "puntu kritikotzat" hartzen dutela dio.

Izan ere, prospekzio geofisikoen azterketan ohartarazten denez, 2020ko ekainaren 5ean obran ezbehar "larria" eta metroaren lehenengo "zuloa" eragin zituen "substratu arrokatsuaren haustura berriro zeharkatuko da" pasealekuaren alboan dagoen Rafael Muñoa kalearen inguruan. Horrek gertatutakoa errepikatzea ekar dezakeela esan du Satorralaiak.

Lanak hasi zirenetik bost urte igaro direnean, Donostiako metroaren eraikuntzan egiten ari den "baliabide publikoen xahuketa etengabea" salatu eta obra hiria sustatzen ari den "politika urbanistiko kaltegarrien baitan" kokatzen du Satorralaiak.

Argiako webgunean irakur daitezke Satorralaiak salatutako ezbehar gehiago.