Ostegunero batzar irekia egiten hasi dira Antigua auzoan metroaren pasantearen lanak nola geratu eztabaidatzeko. Azaroaren 24ean 90 lagun batu dira. Behin amaitutakoan, Zarautz etorbidean jarritako hesiak kendu dituzte, pankarta bat jarri eta pinkateta bat egin. Udaltzaingoak ezabatu egin du eta gauez berriro egin dute pintaketa bera. Metro pasantearen proiektua aurkeztu zela urte batzuk igaro diren arren, lanen hasierarekin batera giroa berotzen hasi da Gipuzkoako hiriburuan.
Ekimena amaitutakoan, ekimenean parte hartu ez baina soinean “Metroari ez” kartela zeraman emakume heldu bat identifika arazi zuen Ertzaintzak. Kontzentrazioa ez zela komunikatua izan aipatu eta informazioa biltzen ari zirela adierazi zuten.
Orain arte Donostiako Metro Pasantearen aurka Satorralaia mugimendua aritu bada ere oposizioa antolatzen, Antiguan Metroa Gelditu ekimena abiatu dute aipatu auzoan, modu horizontal batean antolatu eta ekimenak aurrera eramateko.
Satorralaia bizilagunen mugimenduak jakinarazi duenez, ostiral goizean Donostiako Antiguako hainbat bizilagunek izenpeturiko salaketa aurkeztu dute, auzo horretan Metroaren eraikuntza-lanak hasi asmoz jarri dituzten hesiek eta Donostialdeko Metroaren Lugaritz-Easo zatiaren Ikerkerta Informatiboaren “neurri zuzentzaileek” ezartzen dituzten baldintzek ez dutela udal-araudia betetzen salatuz.
Azken egunetan Zarautz etorbideko eta Pio Baroja Polikiroldegiaren ondoko zabalgunean jarri dituzten hesiek urratu egiten dute udal arautegiak eta Metroaren proiektuan “ingurumen-inpaktua zuzentzeko neurriek” agintzen dituzten baldintzak, Satorralaiaren hitzetan. Udalari hartu beharreko neurriak berehala har ditzala eskatu diote salaketarekin.
“Satorraiak salatu nahi du eraikuntza-enpresek lehen jardueratik urratu egin dituztela proiektuaren ingurumen-zainketa planak ezartzen dituen baldintzak. Horrek ez du inongo bermerik ematen gero obrak aurrera egitekotan gerta daitekeenaren inguruan. Proiektua geldiaraz dadila eskatzen dugu berriro”, amaitu dute prentsara bidalitako oharra.