55 urteko ibilbidea izan du Lagun liburu dendak. Pentsaera politiko desberdinekoen erasoak jaso izan ditu.
1968an, Donostia Erdialdean ireki zuten Lagun, Maria Teresa Castellsen ekimenez. Honela kontatu zion Berria egunkariari Ignacio Latierro nagusiak 2019ko elkarrizketa batean: "Parisko mobilizazio haiek liburu denda askoren irekiera ekarri zuten... Hasieran, papertegia ere baginen, aurreko dendaren soberakinak saltze aldera, baina gurea, funtsean, liburu denda bat izan da".
Liburu denda sinbolo bilakatu da hainbat garaitan, indarkeria politikoa sufritu zuelako. Frankismoaren zentsura jasan zuen, zigor administratiboren bat ere bai. Espainian editatu gabeko liburu orok Informazio Ministerioaren zigilua behar izaten zuen, bestela, debekatua zuten salmenta, eta horregatik, ministerioko ikuskatzaileak sarri agertzen ziren Lagunera; behin Maquiaveloren Printzearen aleak eraman zizkioten. "Debekatuko liburuak ere izaten genituen guk; dendako txoko batean izaten genituen, gordean, bezero jakin batzuentzat".
Frankismoaren bukaera partera Castells atxilo hartu zuen Poliziak, greba orokor batean denda ixtearen ondorioz jarritako isuna ordaintzeari uko egiteagatik. Gerora, 1976an, Guerrilleros de Cristo Rey taldeak bonba bat zartarazi zuen dendaren atarian.
Erasoak, gerora, beste eremu batetik
1983an, greba deitu zuten egun batean denda ez ixtea erabaki zuten, eta itxiera exijitzeaz gain, eraso egin zioten dendari. Berriari honelako irakurketa egin zion Latierrok: "Pentsatzen dut jende askorentzat gogorra zela antifrankista izandako liburu denda bati eraso egitea".
Gerora, 1990eko hamarkadan ugaritu egin ziren Lagunen aurkako erasoak, ezker abertzalearen eremutik. Besteak beste, 1995ean, ETAk Gregorio Ordoñez hil ondoren, hari buruzko liburu bat atera zen eta hura erakusleihoan jarri zuten; kristaleria hautsi zioten. Garai gordinenak horiexek ziren Latierroren iritziz, Irutxuloko Hitzari 2018ko elkarrizketa batean kontatu zioenez: "Gogorrena 1996an izan zen, erakusleihoetako kristalak hautsi eta barrualde guztia pinturaz zikindu ziguten, eta hortik gutxira, liburu pila bat erre zizkiguten. 2000. urtean José Ramón Rekalde hiltzen saiatu ziren, Teresaren gizona. Momentu ikaragarriak izan ziren, eta denda lekuz aldatzea erabaki genuen". PSE-EEko legebiltzarkidea zen Latierro. El País egunkarian salatu zuen Latierrok "hogeitik gora eraso" jasan zituela 1990eko hamarkadan.
Itxiera ekitaldia, gaur
Abuztuaren 31ean itxiko ditu ateak behin betiko Lagun liburu dendak. Arratsaldeko 19:00etan ekitaldia egingo dute establezimenduan.