argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Jesuiten ikastetxea itxi dute, COVID-19 kasu susmagarri bat atzeman ostean
  • Eskolako zuzendariaren arabera, 34 ikasle inguru izan daitezke kaltetuak. Segurtasun protokoloa jarri behar izan dute martxan.

Mikel Eizagirre 2020ko ekainaren 11
ArgJesuiten ikastetxea. Argazkia: eitb.eus

EiTBk jakinarazi duenez, Donostiako Jesuiten ikastetxeak atzera bota ditu DBH 4. mailako eta Batxilergoko lehen mailako eskola presentzialak, COVID-19 kasu susmagarri bat dela eta. Kutsatze-arriskuan aurkitzen diren ikasleen senitartekoei jakinarazi diete kide guztiak euren etxeetan geratu behar direla, 14 eguneko berrogeialdian.

Ikasleen etxeetara helarazi duten barne-zirkularraren bidez ohartarazi dute eskola presentzialetara joandako ikasle batek COVID-19aren antzeko sintomak zituela. Hori jakin bezain laster, dagokion protokoloa aktibatu dute Osakidetzarekin harremanetan jarri ostean.

Osakidetzak DBH4ko eta Batxilergoko lehen mailako eskola presentzialak etetea eta ikasleak euren etxeetara itzularaztea eskatu die. Horrenbestez, 34 familitako kide guztiek 14 eguneko berrogeialdia egin beharko dute, eta ikasleek online metodologiarekin jarraitu beharko dituzte klaseak.