argia.eus
INPRIMATU
ESAN sindikatuak Donostiako Alde Zaharreko istiluez
"Donostiako gazte horiek euren aitona-amonak arriskuan jarri dituzte porru batzuen truke"
  • Azken egunetan Donostian gertatutako istiluen harira irakurketa plazaratu du ESANek, Ertzaintzan ordezkaritzarik handiena duen bigarren sindikatuak. Asteazkenean Donostiako Alde Zaharrean zeuden gazteen, EH Bilduko Maddalen Iriarteren, Jarkiren eta EITBko Xabier Lapitz kazetariaren aurka gogor egin du sindikatuak, eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun Saileko buruak polizien alde izandako jarrera txalotu dute.

Axier Lopez @axierL 2021eko urtarrilaren 22a
Asteazkenean lau pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak, eta gazte bati masail hezurra hautsi diote pilotakadaz. Bost egunetan hirugarren aldiz oldartu zaie Polizia herritarrei. Argazkia: EITB

Hauteskunde sindikaletan ertzainen laurdena ordezkatzen duen ESANek, ohikoa duten hizkeran, azken egunetan eta bereziki San Sebastian egunean Donostiako Alde Zaharreko kaleetan zeuden gazteen aurka egin du eta polizien "lan bikaina" txalotu du ohar batean.

Gazte horiek "miserable antisozialak" direla esan eta haien aurka egiteko ertzainen "agindu argi eta gogorrak" azpimarratu ditu. Biktimak ertzainak eta udaltzainak izan zirela adierazi dute oharrean, irainak eta harrikadak jaso zituztelako.

Komunikatuan, EH Bilduko eledun Maddalen Iriartek Jarki mugimenduaren bozeramaile lanak egin dituela diote. Iriarte eta ETB2ko En Jake saioko aurkezle Xabier Lapitz kazetaria –"EiTBko Jorge Javier", ESANen hitzetan– polizien aurka jaurtitako "estolda, botila eta harrien" aurrean isilik gertatu direla salatu dute, "pastazko betaurreko batzuen edo bozgorailu politikoen atzean" ezkutatuta.

Kalean zeuden gazteek gizarte osoa arriskuan jarri dutela diote ertzain eta udaltzainen sindikatuko kideek. Alde Zaharrean zeuden "gazte asozial eta arduragabeek euren gurasoak eta aitona-amonak" arriskuan jarri zituzten "porru" edo "kalimotxo" batzuen truke. "Egiazko euskal gazteria San Sebastian egunean etxean geratu zena" eta "ertzainez, udaltzainez, osasun langilez, kale garbitzailez, peoiz jantzita" zegoena dela diote.

Amaitzeko, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun Saileko burua den Josu Erkoreka eta Josu Zubiaga sailburuordearen jarrera publikoa txalotu dute ESANeko kideek. "Jotzera tiro egiteko" agindua zuten ertzainen operazioari babes osoa eman dio Jaurlaritzak.

 

 

Ertzainek herritarrak jotzera tiro egiteko agindua: "lagunarteko hizkera" Ernerentzat

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean Ertzaintzan ordezkaritza handiena duen sindikatuko idazkari nagusi Roberto Seijok herritarrak jotzera tiro egiteko agindua ertzainen arteko "lagunarteko esamoldea" dela adierazi du, baina ertzainen "borondatea" ez dela hori, "inolaz ere" gaineratu du.