Donostiako Garoa liburu denda itxi egingo dute

  • Donostiako Gros auzoan dagoen Garoa kultur lab itxi egingo dutela iragarri dute proiektuaren arduradunek. Duela bi urte eta erdi zabaldu zuten lokala Zabaleta kalean eta liburu denda gisa funtzionatzeaz gain, hainbat kultur ekitaldiren habia ere izan da.


2017ko otsailaren 07an - 08:41
Otsailaren 11ra arte egongo da zabalik Garoa kultur lab (argazkia: Gabarroia).

“Ez genuen arrazoi ekonomikoak medio zabaldu Donostiako laborategia, eta ez dugu arrazoi ekonomikoengatik itxiko”, azaldu dute Garoaren blogean. “Erabaki pertsonala da hartu duguna, erabaki intimoa. Erabaki zaila eta erabaki irmoa”.

Otsailaren 11ra arte egongo da zabalik Donostiako Garoa. Argitu dutenez, hilabete honetarako prestatuta zeukaten programatik Luis Haranburu Altunaren liburu aurkezpena (otsailak 9), Maite Carrillo artistak bere erakusketan egingo duen bisita gidatua (otsailak 10) eta gaztelaniazko azken irakurle taldea (otsailak 22) mantendu egingo dira.

Bertan behera utzi dute Aitor Gorosabelek otsailaren 24an eman behar zuen kontzertua, Elliot Murphyk martxoaren 31n eskaini behar zuena Tabakalerako Kutxa Kultur espaziora pasa dute; eta Julio Villarren ‘Viaje a pie’ (otsailak 16) eta Ibon Sarasolaren ‘Bitakora kaiera’ (otsailak 15) aurkezpenak, Zarauzko liburu-dendara pasako dira.

Kulturzaleen erreferente

Zarauzko Garoa liburu dendaren hedapen bezala sortua, Gipuzkoako hiriburuko kulturzaleen erreferentziazko puntu bihurtu zen berehala. Hori lortzeko lana beltz egin zuten proiekturaren lehenbiziko urtean: 200 kultur ekitaldi inguru izan ziren lehenbiziko 365 egunetan.

Zabaleta kaleko lokalaren inguruan sortu den kulturzale-komunitatearekin akordatu dira ixteko erabakia ematearekin batera: “Eskerrak eman nahi dizkiegu denei. Groseko bizilagunei eta Donostian bidelagun izan ditugun irakurle, idazle, artista, musikari, sortzaile eta eragile kulturalei”.

Donostiako lokala itxi arren, proiektuak bizirik jarraitzen duela ere nabarmendu dute, “Garoa ez baita leku bat, ez baita lokal bat. Garoa etengabe aldatzen joan den eta joango den proiektua da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Garoa
Ipar Koreako kanpo harremanetarako idazkariak hitzaldia emango du Donostian

Alejandro Cao de Benós Ipar Koreako kanpo harremanetarako idazkariak hitzaldia emango du Donostiako Garoa Kultur Laben. Bera da Kim Jong-un jeneral eta estatuburuaren aginduetara ari den atzerritar bakarra.


Kultur Hiriburuaren aldirietan

Eta konturatzerako 2016an gaude, Europako Kultur Hiriburua da Donostia, gertakizunak urte osoko titularrak beteko ditu. Foku handitik kanpo ere kultura asko dago, dena den. Eta hor mugitzen denak ibilbide luzeagoa izango du segur aski urteko ebentoak baino.


Amoranteren bostekoa

Ostegun honetan Garoa Kultur Laben bost kantaz osaturiko grabazioa aurkeztuko du Iban Urizarrek. Lan berezi honen xehetasunak aletu ditugu.


Garoa Kultur Lab
Ez dute paperik galdu

Eskerrak oraindik jende zoroa geratzen dela. Arriskuak hartzeko prest dagoen jendea. Liburu denda bat mantentzearekin konformatu ez eta beste bat abian jartzeko adorea daukana. Barka, gaizki esan dugu: Garoa ez da denda hutsa, zerbaitengatik dauka “kultur... [+]


Urte bat paperezkoa

365 egun eta 200 kultur ekitaldiren ondoren, lehenbiziko urteurrena ospatzeko ordua iritsi zaio ostiral honetan Donostiako Garoa liburu dendari.


Eguneraketa berriak daude