Duela egun batzuk, Donostiako epaitegiko epaile batek Udaltzaingorako bi lanpostutarako euskararen B2 hizkuntza eskakizuna eskatzea baztertu zuen. Epaile berak, aldi honetan, Donostiako Udalaren erabakia babestu du, eta adierazi du Digitalizazio Kartografikoko bi udal teknikariren lanpostuak lortzeko B2 maila behar dela.
Bi epaien arteko aldea horrela azaldu du epaileak. Udaltzainen adibidean interpretatu du, ez dela beharrezkoa udaltzain guztiek hizkuntza eskakizuna edukitzea herritarren hizkuntza eskubideak bete ahal izateko. Aldiz, Digitalizazio Kartografikoko ataleko lanpostuak bi baino ez dira, eta epaileak argudiatu du bi teknikarietako bat ez badago, besteak bete beharko lituzkeela herritarren hizkuntza eskubideak, eta beraz, bi lanpostuek B2 hizkuntza eskakizuna eduki behar izatea babestu du.
Donostiako Udalaren aurka salaketa jarri zuen langileak argudiatu zuen Konstituzioaren 23. artikulua urratzen zuela udalaren erabakiak, eta hala, funtzio eta kargu publikoetara berdintasun baldintzetan iristeko eskubidea urratzen zuela.
ETBk jasotako informazioaren arabera, epaileak adierazi du udaleko teknikari horien lanpostuaren berezko betebeharren artean dagoela, "jendeari eta profesionalei arreta ematea bere eskumeneko espedienteei buruz egindako kontsultetan", eta, beraz, udalak "betebeharra" duela herritarrek euskaraz artatuak izateko duten eskubidea bermatzeko.
Epailearen interpretazioaren arabera, Digitalizazio Kartografikoko atalean bi langile baino ez daudenez, “zentzua du” bi lanpostuetarako euskara eskatzeak.
Euskalgintzaren elkarretaratzea
Udaltzainen lanpostuen ebazpenaren harira, ostiralean, 18:30ean, elkarretaratzea egingo da Donostiako Alderdi Ederren, udaletxearen aurrean. Kontseiluak abian jarritako protokoloari jarraituta, Kontseiluak berak eta Bagera Donostiako euskaltzaleen elkarteak epaiarekin desadostasuna agertzeko deia egin dute. Elkarretaratzearekin bat egin dute udaleko gehiengo politikoak (EAJk eta EH Bilduk) eta gehiengo sindikalak (ELA, LAB eta STEILAS).