Prentsaurrekoan, Victoria bizilagunak datozen hilabeteetan etxegabetze aginduari aurre egin beharko diola jakinarazi dute. Herritarrei dei egin die etxe kaleratzea gelditzera.
Donostiko Kaleratzeak STOP, Alokairu Benta Berri eta Afectados por Azora en Donostia (Azorak kaltetutakoak Donostian) elkarteek elkarretaratzea egin dute ostegun goizez Donostiako Andia kalean. Mobilizazioarekin ezagutzera eman dute Benta Berri babes ofizialeko etxebizitzetako bizilagun bat, Victoria, etxegabetze arriskuan dagoela, eta kaleratzea gelditzeko deia egin diete herritarrei.
Jakinarazi dutenez, etxegabetzeak irailaren 9ko data zuen hasiera batean, baina epaileak data bertan behera utzi du. Aldaketa “arrazoi burokratikoak tarteko” gauzatu dela zehaztu du Donostiako Maizterren Sindikatuak sare sozialetan zehaztu duenez. “Blackstonek Victoria bere etxetik botatzeko asmoa dauka oraindik”, xedatu dute. Horren adierazle, Testa Blackstone funts putreak gutuna igorri dio Victoriari esanez azaroaren 30ean iraungitzen zaiola alokairu kontratua eta ez diotela berrituko.
Maizterren Sindikatuak Victoriaren etxegabetzea iraila amaierarako edo urria hasierarako agindu dezaketela aurreikusi du, eta elkarretaratzera deitzaileek irailaren bigarren hamabostaldian gerta daitekeela adierazi dute.
“Etxegabetze hori eta alokairuak ez ordaintzeagatik etorkizunean egingo diren kaleratzeak eragotziko ditugula berresten dugu. Etxegabetze hau eta Blackstone eta Azora funts putreek alokairua ez ordaintzeagatik egoera prekarioan dauden eta errentak ordaindu ezin dituzten bizilagunen aurkako demandak eragotziko ditugu”, ohartarazi dute prentsaurrekoan. Donostiako Maizterren Sindikatuak ere asmo bera agertu du: “Mobilizazioak ez dira geldituko. Ehundaka pertsona egongo gara atean Victoria kalean uzten saiatzekotan”.
Benta Berriko babes ofizialeko etxebizitzak 2016az geroztik Balckstone funts putre estatubatuarraren esku daude, horiek eraiki zituzten Sacyr-Vallehermoso eta Metrovacesa enpresa eraikitzaileak aipatu funts putrearen mendeko Testa Residencial socimiaren esku egotera igaro ondoren.