argia.eus
INPRIMATU
Donostiako auzitegi batek ebatzi du zaharren egoitzako langile denek ez dutela euskarazko B2 maila eduki beharrik
  • Euskarazko B2 maila dutela ez ziurtatzeagatik Eibarko Egogain zaharren egoitzako lan eskaintza publikotik kanpo utzi zituzten bi langileen alde ebatzi du Donostiako Lehen Auzialdiko 3. Epaitegiak, CCOOk jakinarazi duenez. 2024ko urrian, Gonzalo Pérez Sanz epaileak Gipuzkoako Aldundiaren Kabia organismoaren hizkuntza eskakizunak "neurriz kanpokoak" zirela ondorioztatu eta zaharren egoitzetan 54 plaza egonkortzeko 2022an onartutako lan-eskaintza bertan behera utzi zuen.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko uztailaren 22a
Epai euskarafoboen kontrako elkarretaratzea Donostian, udaletxe aurrean. Euskalgintzaren Kontseilua

CCOOk kritikatu du Eibarko (Gipuzkoa) Egogain zaharren egoitzak lanpostu guztietarako eskatu duela euskarazko B2 maila, eta legeak dioela Gipuzkoako Foru Aldundiak lanpostuen %63tan eskatu behar lukeela maila hori. Gainera, sindikatuak azpimarratu du herritarren %20-30ek eskatzen dutela zerbitzuak euskaraz jasotzea. Oharrean azaldu dutenez, adinekoen egoitzak lanpostuak eskuratzeko deialditik kanpo utzi zituzten bi langile, euskaraz idazteko eta hitz egiteko B2 maila dutela ez egiaztatzeagatik. Sindikatuak, ordea, salatu du bi langile horiek hamar urte daramatzatela euskaltegietan euskara eskakizun hori eskuratu nahian, baina behin-behineko langileak direnez, ez dutela aukerarik izan lan orduetan euskara ikasteko.

Aurrekariak

Donostiako Lehen Auzialdiko 3. Epaitegiak ebatzitakoa ez da adinekoen egoitza baten euskara eskakizunen aurkako lehen epaia izan. 2024ko urrian, Gipuzkoako Aldundiaren Kabia organismoaren hizkuntza eskakizunak "neurriz kanpokoak" zirela ondorioztatu zuen Gonzalo Pérez Sanz epaileak. 2022an salaketa jarri zuten bi langileei arrazoi eman zien epaileak: oinarrizko eskubideen urraketa egon zela eta euskara eskakizunek enplegu publikorako sarbidea "mugatu" ziela bi langileei.

Ondorioz, Eibar, Irun, Oñati, Bergara eta Tolosako adinekoen egoitzetan 54 plaza egonkortzeko 2022an onartutako lan-eskaintza bertan behera utzi zuen Donostiako auzitegiak. Zehazki, 49 lanpostutan euskarazko B1 eta B2 mailak eskatzeagatik baliogabetu zuen lan-eskaintza.