argia.eus
INPRIMATU
Donostiako autobus turistikoa: prekarietatera bidaia
  • Donostiako Udalak azpikontrataturiko autobus turistikoaren zerbitzuko langileek grebara joko dute euren lan baldintzak hobetu ezean.

ARGIA @argia 2018ko abuztuaren 30
Autobus turistikoko langileek prentsaurrean azaldu dute euren egoera (arg: LAB)

Behin behineko kontratuen betiereko luzapenak, Whatsapp bidezko etengabeko ordu aldaketak, nominarik gabeko ordainketak, aire giroturik gabeko ibilgailuak, segurtasun falta... Arrazoi ugari eman dituzte ostegun goizean Donostiako autobus turistikoko gidari eta langileek grebara jotzeko, eta hala egingo dutela adierazi dute euren lan-baldintzak aldatu ezean. LABek salatu duenez "hainbestetan zabaltzen duten kalitatezkoa omen den turismo ereduaren aurpegi ilunena ikusten ari gara berriro ere".

Autobus turistikoaren zerbitzua Donostia Turismoa S.A sozietateak esleitu zion 2013an Donostia City Tour izeneko aldi baterako enpresa elkarteari. Sindikatu abertzaleak dioenez, enpresa honek irregulartasun ugari egin ditu geroztik eta langileak prekarietate egoeran dauzka.

Besteak beste, egutegirik ez diete zehazten eta ordutegiak etengabe aldatzen dizkiete telefono bidez. Horrez gain, diotenez, gidatzen ari direla telefono mugikorra begiratzera behartzen diete "ibilbide aldaketak zein online bidez saldutako bidaia txartelak mezu bidez helarazten zaizkigulako". Aparteko lan orduak eginarazi baina ez dizkietela ordaintzen ere salatu dute langileek eta larriagoa dena, ibilgailuak ez daudela egoera mekaniko onean.

LABek azaldu duenez lan-ikuskaritzan salaketa jarriko dute eta Eneko Goia Donostiako alkatearekin bilera eskatu dute, baita Donostia Turismoarekin eta enpresarekin ere. Hilaren 10ean erantzunik jaso ezean grebara joko dute.