argia.eus
INPRIMATU
Donostiako autobus gidariak euskalduntzeko asmoa, epaitegitik negoziazio mahaira
  • Autobus gidariak kontratatzerakoan euskara eskatu ahal izateko, prozesua berrabiarazi beharko dute Donostian. Epaileak atzera bota du Donostibuseko kontseiluak jarritako errekurtsoa forma aldetik ez zela egokia argudiatuz.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko otsailaren 05
Enpresa komitearekin negoziazio prozesua hasi beharko dute euskara hizkuntz eskakizunean sartzeko. (Argazkia: Donostia Gaur).

Hala ere, honek ez dio biderik ixten euskara hizkuntz eskakizunean sartzeari eta enpresa komitearekin negoziazio prozesua hasi beharko dute orain. Sententzia bete eta prozesuari berriro ekin beharko diote hasieratik.

Iaz atera zituen Donostiako garraioa kudeatzen duen DBus enpresa publikoak autobus gidari izateko plazak. Plazetara aurkezteko hizkuntz eskakizunean EAEko bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, zeuden. Eskatzen zen euskara maila elkarrizketa bat modu egokian izateko adinakoa zen eta hori, elkarrizketa baten bitartez ebaluatuko zen azterketan.

UGT sindikatuak, ordea, Donostiako Gizarte Arloko 2. Epaitegian salatu zuen erabakia. Sindikatuak euskararen ezagutza eskatzea langileak “diskriminatzea” zela argudiatu zuen. Epaitegiak arrazoia eman zion UGTri, euskara jakitea zerbitzuaren erabiltzaileentzako “garrantzi gutxiko” zerbitzua zelakoan.

Horren aurrean helegitea jarri zuen Donostibusen kontseiluak. Bilduk, EAJk eta Kurpil sindikatuak helegitearen alde bozkatu zuten eta PSE-EEk, PPk eta UGTk kontra. Juan Karlos Izagirreren kalitatezko botoarekin, erabakia errekurritu zen eta azkenean, atzera bota du hau ere epaiak.