argia.eus
INPRIMATU
Piztu Donostiaren balantze errepresiboa eta deialdia
Donostiako atxiloketa eta identifikazioei erantzuteko larunbatean giza katea deitu dute Antiguako ertzain-etxera
  • Piztu Donostia kanpainak zabaldu du deialdia: larunbatean 12:30ean Antiguako Elizaren aurrean egin dute deialdia. Bertatik Ertzain-etxera joango dira, protesten aurka Mozal Legea erabiltzeari uzteko exijitzeko. Osteguneko greba orokorraren harira, Gipuzkoako hiriburuan guztira 13 identifikatu eta bi atxilotu izan direla salatu kontatu eta salatu dute.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 31
Donostian Poliziak jartzen dituen isunen aurkako kanpaina egiten ari dira.

Piztudonostia.eus webgunean jarri duten protokoloaren bidez bildu dituzten datuak plazaratu dituzte:

Joan den bi asteetan bi pertsona identifikatu zituzten Amaran eta bat hiriko erdigunean. Grebaren bezperan lau pertsona idenfitikatu zituzten Amaran. Grebaren egunean bertan bi atxilotu eta zortzi identifikatu izan ziren hirian (bi Amaran, hiru unibertsitateetan eta bat Egian). Orotara, grebak 13 idenfitikatu eta bi atxilotu utzi dituela salatu dute.

"Gogorarazi nahi diegu donostiarrei gai sozial eta politikoekin loturiko isunen bat jasotzen badute, ez daudela bakarrik, are gehiago, Eneko Goia alkate den Udalak hiru egunetik behin isun bat jarri duela azken bi urteetan, orotara 289, izan pankarta, pegatina, kartel, edo dena delakoak jartzeagatik, noiz eta multinazionalei hiria oparitzen ari direnean", salatu dute prentsara bidalitako oharrean.

Erantzuna Antiguan larunbatean

Piztu Donostiak mobilizazioa deitu du larunbaterako Antiguako elizatik 12:30ean abiatuta. Giza katea egingo dute Matia kaletik barrena Antiguako Ertzain Etxera eta bertan kontzentrazioa egingo dute, "ertzainei protesta eskubidea errespetatzeko eta Mozal Legea erabiltzeari uzteko eskatuz dokumentu bat entregatzearekin batera", jakinarazi dutenez.

Bi aste barru, otsailaren 16an 12:00etan beste mobilizazio bat deitu dute, hau PioXIItik hasita izango da, "Donostiako Udaltzainek Mozal Ordenantza erabiltzeari utz diezaioten eskatzeko". Kanpaina martxoaren 1ean borobilduko dute udaletxe aurretik epaitegietaraino manifestazioa eginez: Mozal Hiriari ez, Piztu Donostia izango da leloa.