Donostiako Aste Nagusian jazotako bigarren sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu dute Donostiako Piratek eta Mugimendu Feministak. 19:00etan Bulebarrean da hitzordua. Udalak ere protestarekin bat egiteko deia zabaldu die herritarrei.
Jaiak iragan larunbatean amaitu arren, ostegunean izan da eraso honen berri. Abuztuak 14-15 arteko gauean gertatu zen Kontxa hondartzan. Salatutako bigarren erasoa izan da, Aste Nagusiko lehen egunean Amara Berri auzoan jazo baitzen lehenengoa.
Bi kasuetan erasotzaileengandik ihes egitea lortu dute emakumeek. Hain zuzen, biktimak erasotzaileari aurre egin izana azpimarratu du Naiara Sampedro Donostiako Berdintasun zinegotziak. Honen esanetan, orain arte hilketa edo bortxaketa kasuetan baino ez zen jasotzen gizartearen gaitzespena. “Orain urrats bat egitean ari gara sexu erasoa egiteko saio bat gaitzetsiz”, gaineratu du.
Udalak bigarren erasoa ere irmo gaitzetsi eta babesa adierazi dio emakumeari. Gizarteak jarrera sexista oro salatu eta horien aurrean “erantzun aktiboa” izan behar duela adierazi du. Gaur arratsaldeko elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu herritarrak.