argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Txara I egoitzan ez dira ratio minimoak betetzen, eta egoiliarrek 14 ordutik gora eman izan dituzte baraurik
  • ELA sindikatuak jarritako salaketa baten harira, ikuskapena egin da Donostiako Txara I egoitzan. Irailaren 17ko data daraman informean jasotzen denez, ikuskapena egin zen unean langileen ratio minimoak ez ziren betetzen, eta afalorduaren eta gosalorduaren artean hamalau orduko tartea egon zitekeen.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 29a
Txara I egoitza (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Donostian kokatutako Txara I egoitza publikoa da, baina Biharko Gipuzkoa enpresa pribatuaren esku dago beronen kudeaketa. Irailaren 1ean, "aurretiazko abisurik gabe", Gipuzkoako Diputazioko inspektoreak bertatu egin ziren. Bisitan antzemandakoak jasotzen ditu irailaren 17ko data daraman informeak, eta beronen nondik norakoak eman ditu argitara ElDiario.es-ek. Hedabideak jakinarazi duenez, inspekzioaren abiapuntua ELA sindikatuaren salaketa bat izan zen, puntu nagusitzat zuena jatorduen ordutegia. Sindikatuaren arabera, oso goiz ematen dituzte afariak, "18:45etan zerbitzatzeraino"; egoitzako zuzendariek hori gezurtatu arren, onartu dute 19:00ak eta 20:00ak bitartean ematen dituztela afariak. Kontuan izanik gosariak zerbitzatzen 09:30etan hasten direla, ikuskaritzak azpimarratu du jatordu batetik bestera hamalau ordutik gora igaro ditzaketela egoiliarren deus ahoratu gabe. Hala bada, jatorduen ordutegi orekatuagoa proposatu dio egoitzari: afariak 19:30etatik 21:30etara zerbitzatuko liratezke, eta gosariak 07:30etatik 10:00etara.

Egoiliarren elikadurari dagokionez, ikuskaritzak beste puntu bati buruzko argibideez ere galdegin dio egoitzako zuzendaritzari. Izan ere, osasun eta nutrizio arrazoiengatik zenbait elikagairen kontsumoa baztertu dute, hala nola yogurtena eta zukuena. Inspektoreek elikagai horien erretiratzeaz gehiago jakiteko nahia adierazi du.

Inspekzioak beste irregulartasun bat ere antzeman du egoitzaren funtzionamenduak: soilik laguntzaile kargua duten lengileen kasuan betetzen dira ratioak; mediku, erizain, fisioterapeuta, psikologo eta monitoreen kasuan, aldiz, ez. ElDiario.es-en zehazten denez, medikua ez zuen inork ordezkatu oporretan, fisioterapeutarik ez dago lanean egoitzan eta monitoreek harrera lanak ere egin behar izaten dituzte.