Donostia arpilatua, bortxatua eta propio erreta Espainiako independentziaren alde 1813ko abuztuaren 31n.
1808an Napoleon enperadoreak Baionan bildu zituen elkarren aurka borrokatzen ari ziren Espainiako errege aita-seme borboiak, Carlos IV.a eta Fernando VII.a, biek nahi baitzuten enperadorearen babesa Espainian agintzeko. Napoleonek biak espetxeratu zituen eta bere anaia Jose Bonaparte izendatu zuen Espainiako errege, gainera, Espainiari inposatu zion aurreneko konstituzioa, alegia, Espainiaren Baionako Konstituzioa, Bonnat museoan ikus zitekeena, museo berritu berria espero dezagun ikusi ahal izatea.
Jose Bonaparte bere Baionako konstituzio berriarekin eta armada frantsesarekin Madrilera abiatu zen eta agintzen saiatu zen bost bat urtetan, nahiz eta tartean Cadizen 1812ko aurkako konstituzioa idatzi zioten.
Napoleon ase ezina zen eta konkistatu zuen Europa gehiena, Mosku eta Egipto barne, besteen artean, 600 mila soldadu behar izan zituen eta horretarako Espainian soldadu gutxiegi utzi omen zituen.
Ingelesek, Napoleonen ahulezia ikusirik hegoaldetik, Wellington bidali zuten Lisboatik erasotzeko penintsula.
1813ko urtea mugitua izan zen Espainian, Jose Bonaparte Napoleonen anaia, soldadu faltagatik, ihes egiten Madrildik bost urte egon ostean, Frantzia aldera, ahal izan zuen guztia lapurtu ostean bere armada frantsesarekin, atzetik zuela Wellington aliatuen armada burua.
Donostiako artxiboan 1813ko informazio pila dago, (...) bi mila donostiarren heriotzen adierazpenak; hirian 300 lagun bakarrik gelditu ziren eta urteetara bi mila donostiar etxoletan bizi izan ziren
1813ko ekainaren 21ean aliatuen armadak, alegia, espainolek, ingelesek eta portugesek, Gasteizko bataila irabazi zuten Napoleonen aurka eta Andre Maria Zuriaren plazan paratu zuten gaur egun dagoen monumentua, non oso garbi idatzita dagoen: “A la independencia de España”, alegia, Espainiako independentziaren alde.
Frantsesak Donostia aldera erretiratu ziren, azken bost urteetan frantsesen eskutan egona baitzen.
1813ko ekainaren bukaeran aurreneko soldadu aliatuak Aiete aldean azaldu ziren eta Donostiako setioari hasiera eman zioten. Euskal Herriko tropak bertan zeuden, Ugartemendia eta “Artzaia” (Jauregi) buru zituztelarik, donostiarrak poztu ziren, nahiz eta aliatuen armada buruak Wellington, Alava eta Castaños jeneralak izan.
Bertako tropek plan bat aurkeztu zuten Donostia hartzeko odolik isuri gabe, baina berehala Irun aldera bidali zituzten Soult jeneral frantsesaren aurka borrokatzeko, Donostian gelditu zirelarik espainiarren aliatu ingelesak eta portugesak Wellingtonen agindupean.
1813ko uztailaren 25ean, aliatuek Donostia eraso zuten aurrenekoz Graham jeneralarekin, artileriak harresia zabalduta zuen zati batean, Koska edo gaur egungo Bretxan, baina Rey izeneko jeneral frantsesak bere hiru mila soldaduekin eutsi egin zioten erasoaldiari eta ehunka soldadu aliatu preso hartu zituzten.
Zauritutako preso aliatuak S. Bizente elizan babestu zituzten, donostiarrek, zaindu, elikatu, “txokolatea” eman omen zieten, alegia, ez zituztela torturatu. Preso “aliatuak” tratuarekin harrituta, konfiantza hartu ahala, aitortu zuten, Donostia hartuz gero, Castaños jeneral espainiarren agindua zutela donostiar guztiak hiltzeko (lepo egiteko) eta hiria erretzeko.
Albistea zabaldu ahala donostiarrak saiatu ziren hiritik ihes egiten, sarraskia ez pairatzeko, baina Rey jeneral frantsesak ateak itxi zituen, bertako populazioa babes zibila bezala erabiltzeko, erasotzaileak “aliatuak”, alegia, donostiarren “lagunak” zirelakoan.
Harresitik kanpo zeuden hainbat donostiarrek (21 sinadura) gutuna igorri zioten Lesakara Wellington jeneralaren laguntzailea zen Alava jeneral espainiarrari, galdetuz ea egia ote zen preso aliatuek S. Bizente elizan aitortzen zutena, alegia, Castaños jeneral espainiarren agindua donostiar guztiak garbitzeko... Alava jeneralak erantzun zuen “kasurik ez egiteko aginterik gabeko soldaduei”.
Espainiako Gobernua jakinaren gainean zegoen, donostiarrak bezala, aliatuek aurretik sarraskiak eginak baitzituzten, adibidez, Badajozen eta Ciudad Rodrigon, arpilatzeak, bortxaketak eta suteak. Espainiako Gobernuak erabaki zuen Castaños jenerala aldatzea Freire jeneralagatik 1813ko abuztuaren hasieran eta Freire jenerala Irunera bidali zuten S. Martzialera.
Uztailaren 25eko erasoaldiaren porrota ikusirik Wellington bera itzuli zen Lesakatik eta zuzendu zuen 1813ko abuztuaren 31ko Donostiako sarraskia, espainiarren aliatuek, Bretxatik sartu ziren, armada frantsesak Motako gaztelura ihes egiten zuen bitartean, eta hiri guztia hartu zuten, gaztelua ezik.
Gauean, soldadu frantsesak gazteluan babestuta zeudenean, “aliatuek” klarin doinu bat jo zuten eta soldadu “aliatuak” hasi ziren Donostiako etxe guztiak lapurtzen, neska, emakume eta amona guztiak bortxatzen, enbata izugarria izan zen eta emazteak teilatuetan babesten ziren euripean, baita putzu beltzetan sartuta ere bortxatuak ez izateko. Babesten zena hil egiten zuten gupidarik gabe.
Donostiako Parte Zaharreko 600 etxeak aurrena arpilatu eta gero propio erre zituzten fosforo kartutxo batzuekin, horrela egon ziren zazpi egunetan, adibidez, udaletxea, Plaza Berrian zegoena (gaur egun liburutegia), bere 500 urteko artxibo zoragarriarekin hirugarren egunean erre zuten eta soldaduek dantzan ospatu omen zuten, garaiko lekukoen arabera. Portuan itsasontzi bat zegoen eta erretako hondakinen artean Donostiako jauregien burdinezko forjak, balkoiak, barandauak eta antzekoak lapurtzen zituzten bi hilabete beranduago... Donostiako sarraskia ez zen inolaz ere sute bat izan, mendekua baizik.
Donostiako artxiboan 1813ko informazio pila dago, garaiko 79 lekukoren testigantzak, garaiko udaletxeko manifestuak, bi mila donostiarren heriotzen adierazpenak; hirian 300 lagun bakarrik gelditu ziren eta urteetara bi mila donostiar etxoletan bizi izan ziren, gaur egun Gazan egunero ikusten dugun bezala.
Sarraskiaren arrazoiak bilatzeko, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazako monumentuan aurkitzen dugu bat, non oso garbi idatzita dagoen: “A la independencia de España”, alegia, Espainiako independentziaren alde.
Luis Manuel Etxeberria Urretabizkaia, Donostia Sutan 1813 elkarteko kidea