argia.eus
INPRIMATU
Doneztebeko jaietan jarritako bi pankarta feminista erre dituzte
  • Gizon talde batek ekainaren 28ko gauean pankartak erre dituztela salatu du Lapaitzako Gazte Asanbladak.

Ilargi Manzanares 2023ko ekainaren 30
Doneztebeko jaietan erretako pankarta. Argazkia: @MaBeAsanblada

Lapaitza Malerreka-Bertizaranako Gazte Asanbladak komunikatua plazaratu du ekainaren 28an Doneztebeko jaietan gertatuaren harira. Erran-ek jaso duen moduan, Lapaitzako kideek ipinitako bi pankarta gizon talde batek erretzea eta zaborrara botatzea salatu dute. Pankartak hurrengo leloak zituzten: Gizon, ezpadakizu egoten ez etorri. Feministak armatuak gaude! Eta Zuen deserotasuna gure plazera da! Gora borroka transmaribibolloa!

Lapaitzako kideak ez zeuden ekintzatik gertu, baina komunikatuan diote badakitela "jendeak ikusi egin zuela eta horren aintzinean ez zuela deus egin” eta “ekintza hau ikusi zuen pertsona oro eraso honen konplize” dela salatu dute. Hala ere, Gazte Asanbladako kideek ez dute errieta egin nahi ekintza matxista ikustean “deserosoa zein biolentatuta sentitu zen” inorri, eta horrelako erasoei aurre egiteko Doneztebeko errealitatea “ez dela erosoa eta segurua” onartu dute.

Lapaitzako Gazte Asanbladak “gizonengan deserosotasuna sortu izana” positiboki baloratu du, pankarta horiekin beren helburuetako bat lortu dutelako: “oso ongi ikusi dugu gizonek ez dakizuela nola jokatu”.