argia.eus
INPRIMATU
Donapea dela eta Opus mehatxuka
  • Opusek Donapeako lurrak eskuratzen ez baditu aurreikusitako hiru ikerketa zentroen proiektua “berraztertu” beharko dutela adierazi du Nafarroako Unibertsitateko errektoreak. Campusean horiek eraikitzeko lekurik ez dagoela eta ez dutela “B planik” baieztatu du.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 16a
Donapeako ikasle eta irakasleak Lanbide Heziketako zentroa lekualdatzearen kontra protestan. Argazkia: Noticias de Navarra

Instituzio foralak presionatu asmoz, Nafarroako Unibertsitateko errektore Alfonso Sánchez-Tabernerok hilabeteetako isiltasuna apurtu du. Opusek lur horiek erosteko aukerarik ez badu Udalarekin adostutako ikerketa biomedikoko zentro nagusia beste hiri batera eraman dezaketela adieraziz. Horien artean Donostia aipatu dute. Gogoratu behar da egun Nafarroako Unibertsitateak dituen lurrak, bere garaian Iruñeko Udalak emanak direla. Eta oraindik 400.000 metroko orube eraikigarria duela, errektoreak Canpusa “saturatuta” dagoela argudiatu arren.

2011an Opus Deik Nafarroako Gobernuarekin Donapeako eremua erosteko egin zuten akordioan 8 milioi euroan tasatu zuten lursaila. Donapea Lanbide Heziketako zentroa lekualdatzea, ordea, bikoitza baino gehiago kostatuko litzateke. Gainera, Gara egunkariaren arabera, Gobernuak Etxabakoitzera mugitzeko asmoa duen ikastetxeak 600 ikasle gehiago hartuko lituzke lehengoak baino 7.000 metro karratu gutxiagotan. Finean, ikastetxe berri bat egitea baino askoz ere merkeagoa litzateke egungo eraikina konpontzea.

Hori guztia dela eta, proiektuak Iruñeko Udalaren eta Parlamentuaren gehiengoa kontra du. Hala nola, irakasle, sindikatu, gizarte eragile eta udal agintari ohiak ere. Joan den ostiraleko klaustroan 78 irakasletik 77k berretsi zuten ez dutela lekualdatzea onartzen eta Lanbide Heziketako zentroak egun hartzen duen orubea Opusen esku ez uzteko eskatu diote Gobernuari.

Ostiralean manifestazioa

Donapea dagoen tokian uzteko eskaerarekin manifestazioa deitu dute irakasleek; hainbat sindikatu, gizarte eragile eta Iruñeko Udaleko agintari ohiren babesarekin. Urriaren 18an arratsaldeko 19:00etan Parlamentuaren paretik abiatuko da martxa. Deitzaileek Nafarroako Gobernuak Opus Deiri mesede egin nahi diola salatu dute. Eta ez dutela onartuko interes publikoen kontrako halako proiekturik.