Ostegunean biltzekoak dira Europar Batasuneko gobernuburuak eta giroa berotu du Donald Tusk Europako Kontseiluko buruak aurretik egin duen proposamenak: batasuneko herrialdeetara datozen migranteak estatu guztien artean kuota bidez banatzea ez dela eraginkorra adierazi du.
Kuotak auzitan jartzea “onartezina” dela uste du berriz Jean-Claude Juncker Europar Kontseiluko Lehendakariaren taldeak. Are gogorrago hitz egin du Dimitris Avramopoulos greziarrak, migrazio gaietarako Junckerren taldeko ordezkariak: anti-europartzat jo du Tusken iradokizuna eta gaineratu du “ukatu egiten duela azken hiru urteetan egin dugun lan guztia”.
Tuskek prestatutako dokumentu batean dago desadostasunaren iturburua: bertan esaten denez, EBko estatuek bakarrik dute gaitasuna immigrazioa modu eraginkorrean kudeatzeko. Baieztapen hori erasotzat hartu du Junckerren taldeak, EBko estatuen arteko elkartasun-printzipioa babestuz, estatu guztiek migrante-kuota bat hartu behar dutela defendatzen duelako.
Itxura guztien arabera, hobe hartu dute Tusken jarrera Hungaria, Polonia, Txekiar Errepublika eta Eslovakiako gobernuburuek, hasieratik inposizio gisa ulertu baitute etorkin kopuru bat hartu beharra.
Momentuz Europako estatu handiek ez dute posiziorik hartu eta ostegunean hasiko den goi-bileran argituko dira jarrerak. Errefuxiatu krisi globalaren eraginez EBko herrialdeetara iristen ari diren pertsonen afera problema larria bihurtzen ari da agintari europarrentzat, atzerritar kopuru jakin bat hartu beharrak maiz estatu bakoitzean erreakzio xenofoboak eragin baititu.
Nolanahi, 2015ean errefuxiatuen krisiaren aurrean EBk adostutako programaren herena ere ez da bete: Italia eta Greziara iritsitako 160.000 lagun batasuneko kide diren estatuen artean banatzea zen xedea eta oraingoz 47.905 lagunek besterik ez dute jaso harrerarik. Egoera bideratzeko elkarrizketek 28 hilabete daramate bloketatua, hain zuzen kuoten afera bihurtu delako auziaren iltzea.