argia.eus
INPRIMATU
Twitterren aurka egin ahal izateko agindu exekutiboa sinatu du Donald Trumpek
  • AEBetako presidenteak, Twitterren 80 milioi jarraitzaile dituena, sare sozialaren aurka egin du. Haren esanetan, Twitterrek zentsuratu egin duelako. Korreo bidezko botoari buruz Trumpek idatzitako txio bat gezurtatu izanak piztu du kalapita. Sare sozialen kudeatzaileek duten immunitatea deuseztatuko du Trumpek sinatutako lege berriak.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 29a
Donald Trump AEBetako presidentea arau exekutiboa sinatu duen egunean. Argazkia: The Times of Israel.

Presidente bilakatu aurretik, Twitter izan zen bere kanpaina politikorako tresnarik garrantzitsuenetako bat; eta bere agintaldia bukatzear denean funtsezko tresna izaten jarraitzen du.

Hautsak harrotu ditu Twitterren izan dituen polemikek, eta nolabaiteko immunitatea izan du berak ere; izan ere, Twitterrek  agintarien kontuak ez blokeatzeko erabakia hartu zuen. Hala ere, mingarriak suertatu daitezkeen txioak ezabatu edo informazio gehigarria sartzeko konpromisoa hartu zuen sare sozialak.

Eta halaxe egin zuen Trumpen kasuan. Agintariak posta bidezko botoa fartsa hutsa zela idatzi zuen sarean, ez zela eraginkorra. Sare sozialak, jendearen botoa baldintzatu zezakeela jakitun, Trumpen txioaren azpian posta bidezko botoari buruzko informazioa sartu zuen. Horrek presidentearen haserrea piztu zuen, “adierazpen askatasuna zapaldu” eta “datozen hauteskundeetan eragitea” leporatu zion sare sozialari.

Hori horrela, Communications Decency Acteko 230. sailari, interneteko plataformak bere erabiltzaileek esandakoagatik zigortzen ez dituena, agindu exekutibo bat ezarri dio, “immunitate” hori deuseztatzeko. Neurri hori AEBetako konstituzioaren aurka doala salatu du hainbatek, Gobernuak prentsa edo adierazpen askatasuna murrizteko debekua jasotzen baitu lehen zuzenketak .

 

 

Trumpen haserrea piztu duten txioak.