DomusVI zahar-etxeek hildako bakoitzeko 700 euro arteko komisioa adostuta zuten ehorztetxeekin, familiak hil ondorengo zerbitzuak haiekin kontratatzera bideratzearen truke. ELA sindikatuak oroitarazi du DomusVI-k badituela hamahiru zahar-etxe Hego Euskal Herrian, eta erakunde publikoei eskatu die harekiko kontratu guztiak eteteko.
Infolibre hedabideak martxoaren 15ean argitaratutako informazioaren arabera, DomusVI zahar-etxeek komisioak kobratu dizkiete ehorztetxeei, familiek haiekin lotutako zerbitzu bakoitzeko. Infolibre-k DomusVI-k 2015ean Memora ehorztetxearekin sinatutako kontratuaren lehen orria erakutsi du: Espainiako ehorztetxe handiena da eta harekin zeukan kontratu nagusia, 700 euro arteko komisioa bermatzen ziona.
ELA sindikatuak oroitarazi du hamahiru zahar-etxe badituela DomusVIak Hego Euskal Herrian:
Gipuzkoan: Villa Sacramento (Donostia), Berra (Donostia), Atsobakar (Lasarte).
Bizkaian: Miraflores Bilbao egoitza, Bilboko Erribera egoitza, Aperribai Bilbao egoitza, Arbidea (Bilbo), Aperribai (Galdakao), Arandia (Arrigorriaga), Las Laceras (Balmaseda).
Araban: Ariznavarra, Gazalbide (Gasteiz)
Nafarroan: San Adrian.
"Gure indar politikoek eutsitako bizitzaren salerosketaren ereduaren islada naguesietako bat da DomusVI. Ez genuena espero zan bizitzaren salerosketa eredu barruan heriotzaren salerosketa aurkituko genuela. Beraz, nork bermatzen du DOMUSVIko edozein zentrotan enpresak baliabide guztiak jartzen dituela gure adinekoak bizirik jarrai dezaten?" galdetu du sindikatuak eta erakunde publikoei eskatu die "berehala amaitu behar dutela enpresa horri lotzen dion edozein kontratu-harreman, eta haien kontrola beren gain hartu behar dutela, langile guztien subrogazioarekin".
Sindikatuak azaldu duenez, DomusVI funts putreen (Intermediate Capital Group) enpresa bat da: "Lau herrialdetako 20 konpainia baino gehiagoko sozietate-sare baten bidez, Hego Euskal Herriko egoitzetan irabazitako dirua Jerseyko sozietate nagusian amaitu arte mugitzen duena".
ELAk nabarmendu du hau ere pribatizazioaren ondorio dela: "Urteak daramatzagu salatzen egoitzak pribatizatzeak gizartean ekar dezakeena. Prekarizazio eta esplotazio guneak dira milaka emakumerentzat, gure nagusientzako bi orduko zaintza bermatzen ez duen zerbitzu bat ematen den bitartean. Hori gutxi baltz, sistema guzti hau diru publikoarekin sostengatzen da enpresa pribatuen irabazi ekonomikoak bermatzen diren bitartean".