argia.eus
INPRIMATU
Dominak kendu dizkiote 'Billy El Niño' polizia ohi eta torturatzaileari, hil ondoren
  • Memoria Demokratikoaren lege berria indarrean sartu da Espainiako Estatuan, eta hori betetzeko, beharrezko urratsa zen diktadura frankistaren parte ziren polizia eta guardia zibilei aitortza gisa emandako dominak eta ordainsariak kentzea.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2022ko abenduaren 30a
Merezimenduzko lau domina zeuzkan torturatzaile ezagunak, eta %50 igo zioten pentsioa. Hil eta bi urtera kendu dizkiote aitortzak eta ordainsariak.

Ordainsari eta aitortzak behin zenduta dagoela kendu dizkiote Antonio González Pacheco Billy El Niño torturatzaile eta polizia ohi ezagunari. Duela bi urte zendu zen COVID-19ak jota; 2018an sortu nahi zen legea, hala hitzeman zuten Espainiako Gobernuko bazkideek, baina ez ziren ados jarri edukian. Billy El Niñok lau domina jaso zituen frankismo garaian egindako lanari aitortza gisa –horietako bat, merituarena, Rodolfo Martín Villa ministroak eman zion–, eta %50 igo zioten pentsioa. Kasurik ezagunenetakoa torturatzaile ezagun horrena da, baina neurriak barne hartu ditu frankismoak saritutako beste polizia ohi guztien kasuak, hau da, guztiei kendu dizkiete aitortzak eta ordainsariak.

Berriki onartu eta indarrean jarri den Memoria Demokratikoaren Legea baliatuta, Espainiako Barne ministro ohi Fernando Grande-Marlaskak legea bete eta aitortzak kentzeko agindua eman duela jakinarazi dute hedabide espainiarrek ostiralean. Ofizioz jarri du abian prozesua, hain zuzen ere, "Espainiako Konstituzioan zehaztutako giza-eskubideen aurkako edozein ekintzak edonolako aitortza bat" jaso badu, eta hura ez bada oraindik berrikusi, lege berriak araututa egingo da erregulazioa.