argia.eus
INPRIMATU
Bestelako Zinemaldia | 4. eguna
Dolua egitea film baten bitartez
  • Asteburuan eman dute SSIFF markadun poltsadunek maratoirik bortitzena. Goizean goizetik ilunabarrera arte areto batetik bestera ikusi ditut batzuk jauzika, desinfektatu berri zuten besaulkia libratu bezain azkar okupatuz. Horrek nahasmen bat ekar lezake burura, zeinetan jada ez zaren gogoratzen zer ikustera etorri zaren. Astelehenerako, hala entzun ditut atzekoak elkarri galdezka: "Ez naiz gogoratzen ondo zein zen film honen argumentua", "zein sailetan dago?", eta "txiletarra dela uste dut...".

     

Ainhoa GutiƩrrez del Pozo 2020ko irailaren 21

Carolina Moscoso txiletarrarena da, hain zuzen ere, Horizontes Latinos sailean lehiatzen den Visión nocturna pieza. Eta pieza diot, zuzendariak kaleidoskopio gisa definitu baitu bere lana, argitara begiratuz forma ezberdin zatikatuak ikusten uzten duen gailuaren antzera. Ez da metafora hutsala, zuzendariak jasan zuen bortxaketaren inguruko filma egiten baitu, zaurien zatikatzearen bidez.

Filmak hiru argi erabiliko dituela argitzen du hasierako lerroetan: bata liluratzen duena, bestea hain iluna ezen ez duen ezer ikusten uzten, eta bestea ilunantzekoa. Argi hauen bitartez eraikiko du kontakizuna, pairatutako eraso sexuala pantailaratzeko dituen materialak horietan sailkatuta. Artxiboaren artean epaiketako paperak eta mediku-txostena daude, baina baita erritualak, lagunekiko harremana, fokak igerian eta lumatutako txoriak ere. Hauetako bakoitza era batean lotzen da Moscosoren bizipenekin, eta modu ezberdinetan egiten diote ekarpena egoera gainditzeari. Tonua ez da inoiz biktimizatua, baizik eta gertaerekin ahalduntzen saiatzekoa. Egilea kontziente da dolu beharraz, eta bide judiziala agortzen duenean hala esaten dio abokatuak: "Aurkitu beharko duzu gertakarik ixteko beste era bat". Horra erantzuna, sentsibilitate finez egindako film hau, negar eta barre egitera eramaten zaituena, eta lengoaia propioa topatu duena dolua egiteko. Orain arte ikusitakoen artean, dudarik gabe, gehien mugitu nauena.

Stephanie (Belgika) nazioarteko lehen titulua irabazi berri duen 11 urteko neskatoa da. Leonardo van Dijl zuzendariak eginiko lanak  bilatuko du neskatoaren munduak bere baitan dakarzkien presioak gorpuztea, ikusleak ere berdin senti dezan bilatzen duen heinean. Film laburrak neskatoaren txapelketa eta horren osteko arratsaldea erretratatzen ditu, entrenatzailearekiko duen harremana eta beste kirolariekiko konpetentzia.

Neskatoaren tentsioa plano itxien bitartez transmititua da, eta hitz oso gutxirekin eramana da istorioa. Stephaniek gezurra esaten du oinean duen lesioaz txapelketara joan ahal izateko, eta domina irabazten du. Entrenatzaileak ez daki zenbat gehiago eska diezaiokeen, eta medikuak erresonantzia eskatzen du. Bien bitartean, domina jasotzeko eta jendea ezagutzeko festan, bere zain daude. Bidea hasi besterik ez dela egin ohartuta, egoera gainezka egitera doala dirudi. Filmikoan eginiko lan ederra, laburra, eta gehiagorako gogoz uzten zaituena.

Zabaltegi-Tabakalera saileko A metamorfose dos pássaros filmak itxi du laugarren eguna. Catarina Vasconcelos portugaldarraren lehen luzemetraia da, zeinak amona zenaren haritik tiraka, familia oso baten istorioa kontatzen duen. Aitonak bolada luzeak itxasoan ematen zituen bitartean hezi zituen seme-alabak amonak, eta elkarren arteko gutun-trukaketak mantendu zuen haien desira eta elkarrekiko proiektua. Uretan eta lehorrean idatzitako eskutitzak erre egin zituen behin aitonak, eta hutsune horretatik abiatu zuen Vasconcelosek, ezagutu ez zuen istorioaren bila, film hau.

"Hitz egindako film" gisa definitu zuen aurkezpenean Victor Iriartek, eta badu horretatik lanak, hitzen gaindosia izatera ere heltzen baita. Filmikoan eginiko irudien gainean portugesezko off ahots etengabea aditzen da, tonu malenkoniatsuan hainbat oroitzapen errelatatzen dituena. Irudien eraikuntza oso ederra da, ederregia, hain ederra non bertatik kanpo sentitzen garen, kanporatuta. Esaten dena poetikoa da, hitz potoloen zalea, metaforaz betea. Bien elkarketak badu arrisku bat, eta da obra ukiezin bat sortzea. Ikuslegoa keinu baten zain dago, bihurrikeria baten beha, akats baten esperoan. Eror dadila. Baina ez da heltzen. Zuzendariarentzako dolu pertsonala izan daitekeenak ez du begira dagoenaren laguntzarik ekintzan, ez du bestea partaide egiterik lortzen. Begira dagoena, begira gelditzen da. Nago puntu bat haratago apustu egin behar dela begira dagoena bere tokitik mugitzeko, eta akaso zinemak lor lezakela horrela egilea gainditzen duen dolu bat, zeinetan norbera zera handiago baten baitako partaide eta pairatzaile den. Guri dagokigu potentzia hori posible egitea.