[Dokumentua] Hekimen elkartearen agerraldia Eusko Legebiltzarrean

  • Komunikabide euskaldunak batzen dituen Hekimen Elkartearen izenean agerraldia egin du Alberto Barandiaranek Eusko Legebiltzarrean. Eman dituen azalpenak osorik eskaintzen dizkizuegu.


2016ko martxoaren 10an - 07:38

Arratsalde on.

Hasteko, eskerrak eman nahi dizkiot Legebiltzar honi, Hekimen euskal hedabideen elkarteari foro honetan parte hartzeko aukera emateagatik. Gaurko agerraldi honen helburua da azaltzea, ahalik eta zehatzen, Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak sektoreaz egin duen diagnosia eta administrazioaren diru laguntzen inguruan daukan iritzia.

2014ko azaroaren 13an, EAJ, EH Bildu eta PSEko ordezkarien oniritziarekin, trantsiziozko zuzenketa onartu zuen Eusko Legebiltzar honek EH Bilduk aurkeztutako ez legezko mozio baten aurrean. Zuzenketa horrek honela zioen:

Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio:

1. Aztertzeko euskarazko hedabide nagusiekin batera, behar diren neurriak, dotazio ekonomikoa barne, hizkuntza normalizaziorako funtsezko izaera duten aldetik, horien jarraipenerako behar dituzten baldintzak izan ditzaten.

2. Kudeatu ditzala euskarazko hedabideei zuzendutako diru laguntzak aurreko ataleko irizpideekin bat etorriz, beti ere hedabideen eraginkortasuna kontuan hartuz eta gizarte pluraltasuna errespetatuz.

3. Dagozkion deialdiak urtearen hasieran plazaratu.

“Jarraipenerako behar dituzten baldintzak izan ditzaten”.

“Que dispongan de las condiciones necesarias para su continuidad por su carácter fundamental para la normalización lingüística”.

Zein dira, bada, baldintza horiek?

Garbi dago hedabideen garrantzi estrategikoa hizkuntzaren biziberritzean. Toki askotan azpimarratu da, eta eragile askok nabarmendu dute, berau dela hizkuntzaren normalizazioa bilatzen duen edozein egitasmoren oinarrietako bat. Hedabideak hizkuntz komunitatearen leihoak dira: hortik transmititzen da komunitatearen beraren errealitatea, eta bertatik jasotzen du komunitate horrek elkarren eta munduaren berri. Gainera, hedabide sare indartsu eta dinamikoa pluraltasunaren bermea izan daiteke, eskaintza aniztasuna baita, hedabideen presentziaren bidez, iritzi aniztasunaren oinarrietako bat

Berrogeita hamarretik gora komunikabide daude Hekimen elkartearen barruan. Denen artean osatzen duten taldea ez da makala. 600 lagun inguru daude enpresa guztien artean lanean, gehienak egunkari nazionalean eta herri eta eskualdeko aldizkarietan.

Lan baldintzak dira sektorearen gabezietako bat, kronikoa gainera. Nabarmen apalagoak dira erdal hedabideetakoekin alderatuz gero, eta antzeko ezaugarriak dituzten sektoreekin alderatuta, hor ere kopuru baxuenak dituen arloa da gurea. Horrek ezegonkortasuna eta ziurtasunik eza sortzen du, eta ez du errazten langileei bizitzeko eta profesionalki garatzeko aukerak eskainiko dizkion ingurune bat lortzen. Eta hori, bistan da, traba gaindiezina izan ohi da sektoreak kalitatea irabazteko behar dituen langile eta profesional eskarmentudunak atxikitzeko: etengabe erreleboan bizi den sektorea da gurea, tamalez.

2014. urtean, HPSk aldaketa nabarmenak egin zituen sektorearentzat diru laguntza garrantzitsuenak diren Euskarazko hedabideak sustatzeko izeneko deialdian. Diruak banatzeko hedabide multzoak aldatu egin ziren, egunerokoak eta aldizkariak multzo berean saruz, eta diru hori banatzeko irizpideak ere aldatu egin ziren. Lehen multzo horretan batez ere irismenari, hau da, “hedabideak bere eragin-eremuan duen irismen-mailari”, 70 puntu ebatzi zitzaizkion. Ehundik 70. Teknologia berrien erabilera, berrikuntza eta hobekuntzarako neurriak eta Bikain ziurtagiria edukitzea izan ziren gainerako irizpideak.

Horrek eztabaida handi samarra sortu zuen, diru poltsa berdina izanda irizpideak aldatuta. Eta, ia Hekimenen sorrerarekin batera etorri zenez, bultzatu egin gintuen HPSrekin mahai bat osatu eta sektorearen diagnosi bat egitera. Jakin nahi genuen nolakoa zen ordura arte inoiz sektoretzat hartu gabeko euskarazko hedabideen egitura bera; ze beharrak zituen, eta ze indarguneak. Mahai iraunkor horren bueltan, argazki panoramikoa atera nahi genuen, amets batekin: iritsiko ginela adostera sektoreak ze behar zuen Legebiltzar honek erabakitako hori bete ahal izateko: “Jarraipenerako behar dituzten baldintzak izan ditzaten”.

Irismenatik hasi ginen. Zein da, beraz, euskal hedabideen publiko potentziala, zenbatekoa da beraien irismen totala?

Argi dago asko aldatu dela azken urteotan mapa soziolinguistikoa, eta igo egin dela kontsumitzaile potentzialen kopurua. Inkesta soziolinguistikoaren arabera, 714.000 dira 16 urtetik gorako euskaldunak gehi gaitasun nahikoa duten ia euskaldunen multzoa. Dei ditzagun elebidun efektiboak. Ez dezagun ahaztu horien artean %42,7k aitortzen duela hobeto moldatzen dela erdaraz, eta ez dezagun ahaztu ere, normalizaziorik eza dela eta, euskarazko hedabideak ezin direla iritsi kontsumitzaileengana erdarazko hedabideen maila eta intentsitate berean.

Ez dezagun ahaztu, beraz, irismenei buruz hitz egin beharko genukeela, irismen potentzial bakar bati buruz baino, 700.000 lagun horien artean egongo direlako telebista saio bat edo irratsaio bat ondo jarraitzeko arazorik ez duten hiztunak, eta, baita, ekonomiaren inguruko testu konplexu bat jarraitzeko gaitasun nahikoa dutenak. Denak.

Baina har dezagun erreferentziatzat 700.000 laguneko kopuru hori. Hori izan daiteke euskarazko hedabideen merkatua.

Bada, egin dezagun irismenen arteko konparaketa.

Espainian, 38 milioi lagun inguru dira hedabideen publiko potentziala. El País, esaterako, publiko horren %4rengana iristen da; El Mundo %3rengana. Katalunian, Ara %3rengana iristen da, El Punt-Avuiren antzera.

Bada Berria, gurean, %8rengana iristen da. Anboto hedabide irakurriena da Durangaldean, eta Goiena, Debagoienean. Ttipi-Ttapa, Baztan-Bidasoan.

Begira dezagun sarera.

Elkarteak sortutako Hekimen Analytics neurketa sistemaren arabera, 2011tik 2015era bitarte, %73 igo ziren euskarazko hedabideen webguneen bisitak. Goranzko joera hori webgune eta hedabide gehiagotan ematen ari bada ere, esan daiteke Euskal Herriko beste zenbait esperientziarekin alderatuta, joera handiagoa dagoela Hekimenen baitan. Dinamismoa dago, bulkada berritzailea.

2015. urtean, Hekimen elkarteko hedabideen webguneek 18,1 milioi bisita izan zituzten, inoizko bisita kopururik altuena. 2011. urtetik 2014. urtera bitarte, %32 igo ziren bisitok eta azken urtean, iaz alegia, goranzko joera indartu egin zela azpimarratu behar da: 2011. urtetik 2015. urtera %73,4koa izan zen igoera​. Joera horren erakusgarri, 2015. urteko maiatzean bildu zuten Hekimeneko webguneek inoizko bisita kopuru altuen: 1.871.717 hain zuzen ere.

Ez dira hain irismen txikiak.

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurtengo urtarril eta otsail bitartean egindako kontsumo inkestaren datuen arabera, euskaldunek euskarazko prentsa aukeratzen dute hizkuntz gaitasunak gora egin ahala. Prentsa idatziaren kasuan, euskaraz irakurtzen hobekien moldatzen diren euskaldunen artean Berria da egunkaririk irakurriena. Ia bostetik batek aukeratzen du egunkari nazionala. Astean zeharreko irakurleak zenbaturik, 117.000 kontsumitzaile baino gehiago dauzka Berriak. Zatirik handiena egunero-eguneroko irakurleak dira: 62.000 lagun. Tokiko prentsak, berriz, 200.000 irakurle baino gehiago dauzka Euskal Herri osoan, azterketaren unibertsotzat jo den hiru irakurletako bat alegia.

Mondragon Unibertsitateko Hezikom ikerketa taldeak, bestalde, balio sozialaren inguruko ikerketa interesgarria abiatu zuen iaz. 2014ko abenduan, Berria Taldean eta Goiena Taldean balio soziala neurtzeko tresna testatzea adostu zuen. Horretako, HPSren eta Hekimen elkartearen diru laguntza izan zuen Hezikom taldeak.

Hiru kontzepturen inguruan egituratu dute lana: lehenik, eragin soziala duen balio ekonomikoa neurtu dute, hau da, hedabide horrek zenbat pertsona dituen soldatapean, inguruko hornitzaileei zenbateko erosketak egiten dizkien, zenbat diru inbertitzen duen inguru hurbilean eta abar; bigarrenik, balio sozial espezifikoa: euskarazkoetan, adibidez, hizkuntzaren normalizazioan edo lurraldearen kohesioan eginiko ekarpenak izan litezke arlo honetan aintzat hartu beharreko puntuetako batzuk; hirugarrenik, Administrazioari zerga bidez (Pertsona Fisikoen Gaineko Zerga, Gizarte Segurantza, Balio Erantsiaren Zerga, Sozietate Zerga...) itzultzen zaiona dago. Hiru horien batuketatik kalkulatzen da balio sozial globala.

Soilik hirugarren aldagaia kontuan hartuta, alegia administrazioari zergen bidez itzultzen diotena kontuan hartuta, funtzio sozial garbia duten eta balio sozialaren neurketa izan duten beste enpresa batzuk baino itzulera ekonomiko handiagoa ziurtatzen dute euskal hedabideek:

Balio sozial espezifikoari dagokionez, berriz, hau da, enpresak gizarteari egiten dion balio ekonomikotik haragoko ekarpenari dagokionez, Berria eta Goiena taldeen artean, 24.233.035 euroko balio soziala sortu zuten 2014an. Beste modu batez adierazteko, diru-laguntzetan jasotzen den euro bakoitzeko 9,22 euro itzultzen dizkiote gizarteari.

Emaitza horiek berresten dute Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri duen beste ikerketa batek (2015) dioena: euskarak balio ekonomikoa sortzen du. Euskal Autonomia Erkidegoaren Barne Produktu Gordinaren %4,1 euskarari buruzko enpresei dagokie.

Hezikom taldearen ikerketa balio ekonomikotik harago doa. Erakusten du komunikabideak kate-begi garrantzitsuak direla euskararen ekonomia horretan: balioa sortzen dutelako pedagogia arloan ari diren sektoreei begira; eragin handia daukatelako euskararen arautzean eta arau horien sozializatzean; lan handia egiten dutelako euskal mundua kohesionatzean; laguntzen dutelako elkarteen ekintzak eta enpresen ekoizpena ezagutarazten eta zabaltzen.

Bi komunikazio talde hauen inguruko balio sozialaren neurketa sektore osoari estrapolatzeko modukoa behar dugula argi dago, baita zerekin alderatzeko tresnak ere. Horretarako, Deustuko Unibertsitateko Jose Luis Retolaza irakasleak planteatu digu hizkuntza txikietako hainbat hedabidetan efizientzia analisiak egitea, alderaketak egin ahal izateko. Horretarako, DEA teknika erabiliko litzateke (datuen analisi inguratzailea).

Konstatazio bat egin nahi genuke: eraginkorrak dira euskal hedabideak. Iristen dira. Erreferentzia dira euskal hiztunentzat.

Jakina eraginkorragoak izan daitezkeela, gehiago irits daitezkeela eta are eta erreferentzialagoak izan daitezkeela, ezagunagoak eta kontsumituagoak. Baina sektoreak sentitzen du aitortza behar duela. Ehunka lagun eta milaka kontsumitzaile egunero lan eta bizi dira euskaraz hedabideetan, paperan, irratian, telebistan, sarean, sare sozialetan. Ekimen eta bizitasun handiko komunitatea da, ekarpen handia egiten ari dena, bideak marrazten ari dena, jende gaztea erakartzen. Aitortzak esan nahi du neurtuak eta aztertuak bai, baina, era berean, testuinguruan kokatuko dela hori guztia: gure egoera soziolinguistikoaren testuinguruan; gure inguruko hedabide publikoekiko testuinguruan; gurearen antzeko beste sistema komunikatiboekiko testuinguruan; gaur egungo kontsumo aldaketaren paradigmaren barruan.

Behin baino gehiagotan nabarmendu dugu inbertsio publikoak daukan garrantzia. Hogei urtez jarraian Eusko Jaurlaritzak, diputazioek eta hainbat udalek bideratu dituzten aurrekontu publikoei esker sortu, garatu eta iraun dute hedabideek. Laguntza hori gabe, nekez edukiko genuke gaur daukagun sistema. Baina inbertsio hori ez da putzu beltz bat, ez da fondorik gabeko zakua, ez da inora ez daraman diru xahutzea. Eragin ekonomiko eta sozial oso garrantzitsua daukan inbertsioa da, lehen esan dugu. Eta, hala ere, nabarmendu behar dugu inbertsio hori behera doa, urtez urte.

Garbi dago euskal hedabideentzako inbertsio publikoa gero eta txikiagoa dela. Amaitu berri den 2015. urteko Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Hego Euskal Herriko hiru diputazioen aurrekontuak kontuan hartuta, hedabideetan euskara sustatzeko diru sailak izoztera jo dute administrazioek, aurrekontu orokorrak igo badira ere. Datuek erakusten dute, horrela, 2012tik hona gero eta garrantzi txikiagoa dutela hedabideak laguntzeko diru sailek.

Hekimenek uste du beste ahalegin bat egin behar dela hizkuntza biziberritzerako ez ezik hiztun komunitatearen arteko sareak trinkotzeko hain garrantzitsuak diren hedabideak sustatzeko, garatzeko eta etorkizunera begira jartzen laguntzeko. Behin eta berriro esaten ari gara 2008tik hona beheranzko joera etengabea gertatzen ari dela aurrekontu publikoetan: euskara sustatzeko politikak orokorrean, eta hedabideei zuzendutako politikak, zehazki.

Eta esan behar da joera hori ezin zaiola bakarrik krisi ekonomikoari leporatu. Siadeco enpresak berak ondorioztatu du aurrekontu orokorrek gora egiten zuten garaian, euskararentzako diruen igoera beste sail batzuetakoa baino apalagoa izan zela; eta, nolanahi ere, diruak ez zirela igo aurrekontuak igo ziren proportzio berean. Jaitsierak egon direnean, ordea, are nabariagoak izan dira euskararentzako diruen jaitsierak.

Diru laguntza deialdi garrantzitsuenak kontuan hartuta, azken urteotako joera nabaria da: behera.

Eta ezagutzen eta ulertzen ditugu kontu publikoen estuasunak. Baina Eusko Jaurlaritzak egiten duen publizitatearen %3 baino ez du egiten euskarazko hedabide ez publikoetan. %3 baino ez, ustez elebiduna den administrazio batean. Hain ezinezkoa da irizpide linguistikoak txertatzea komunikazio kanpaina publikoetan? Gipuzkoako Batzar Nagusiek aho batez onartu zuten foru araua 2010an: publizitate instituzionalaren %15 egingo zen, aurerantzean, lurralde horretako euskarazko hedabideetan.

Sustapenerako diru laguntzak aspaldian desagertu ziren: ez dago euskarazko hedabideen kontsumoa sustatzeko kanpaina publikorik.

Erdarazko hedabideetan euskara sustatzeko diru laguntzak berreskuratu ditu gobernu honek: 400.000 €. Euskarazko hedabideentzako igoerarik ez, eta erdal hedabideentzako diru poltsa berreskuratuta.

Horregatik, gogoeta mahai horren bueltan, eta egindako ikerketen ondorioz, eta hainbat urterako diru laguntza deialdia buruan, Hekimen elkarteak proposamen zehatza egin zion HPSri joan den urrian. Diruen inguruko proposamena, eta irizpideen inguruko proposamena.

Gure ustez, proposamen ekonomiko zentzuzko eta eraginkorrak bi oinarri behar ditu:

Sektorearen onarpen zabala eskatzen du, sektorea bere osotasunean kontuan hartuko duen planteamendua behar da alegia.

Aurrera begira, garatzeko aukera eskaini behar du. Begirada luzea behar du, euskal hedabideen beharrak detektatu eta erantzuna emateko. Alde horretatik, berebiziko garrantzia dauka urte anitzekoa izateak.

Bi aukera daude (gutxienez), zenbateko hori zehazteko:

Argudio ‘politikoa’: Hedabideek beste ahalegin bat eskatzen dute sektorea garatzeko eta, gainera, beste garai batean (2002-2008 urteetan) Eusko Jaurlaritzak egin egin zuen ahalegin hori, aurrekontuekiko portzentaje handiagoz hornituz diru laguntza deialdia. Portzentaje handiago horrek ziurtatuko lukeen kopuruarekin erabakiko litzateke poltsaren oinarria.

Argudio ‘ekonomikoa’: Sektorearen lan baldintzak eskasak dira eta inbertsioak egiteko aukerarik ia ez dute enpresek. Aurrera egiteko eta sektorea garatzeko, ezinbestekoa da beste inbertsio bat. Honen arabera erabakiko litzateke kopuru aldakorra. 


Bi argudioen arteko konbinazio bat planteatu genuen.

Sektorearen erronka nagusietako bat da produkzioari epe luzera profesionalki eutsiko dion sarea edukitzea. Horregatik erreparatu genion produkzio kostuari. Oraingoz ez dakigu kostu horren totala baina laguntzen deialdian esaten da hedabideen autofinantzazioa %40koa izan behar dela gutxienez. Beraz, HPS %60 laguntzeko prest egon daiteke. Euskal hedabideen produkzio kostuaren %60, gaur egungo aurrekontuaren %30 inguru izango litzateke, 7,5 milioi euro hor nonbait gure kalkuluen arabera. Horrek esan nahi du oraingo diru saila baino 2,5 milioi euro gehiago. 
Bi modutara banatu liteke diru gehigarri hori: 


1. 2002tik 2008ra bitarte, EJk aurrekontu orokorraren %0,06 inguru bideratu zuen hedabideen deialdirako. Portzentaje hori aplikatuko balitzaio 2015eko aurrekontu orokorrari (10.639 milioi €), diru laguntzaren deialdia 1,4 milioi euro inguru igoko litzateke. Hori izan liteke oinarrizko igoera, fijoa dei dezakeguna: %28ko igoera denera. %0,06ko portzentaje hori erreferentziazkoa izan beharko litzateke, hau da, hurrengo urterako ez ezik, aurrerantzean ere horren arabera erabaki beharko litzateke diru laguntzen poltsaren oinarrizko kopurua. Igoera hori hedabide guztien artean proportzionala izan beharko litzateke, hau da, hedabide guztien laguntzetan islatu beharko litzateke igoera, helburua delako baldintzak hobetzea eta inbertsioak egiteko aukera eskaintzea.

2. 7,5 milioi euroko poltsa hori lortzeko gainerakoa, milioi bat euro inguru, bariablea izango litzateke. Bariablea banatzeko, hiru irizpide erabil litezke:

Irismena, sektorearen ezaugarriak eta izaera kontuan hartuta

Kalitatea, sektorearen ezaugarriak eta izaera kontuan hartuta

Berrikuntza eta elkarlana.

Bariable honek urteroko ebaluaketa eskatuko luke, helburu batzuekin lotuta. Hori da sektorea trukean emateko prest egongo litzatekeena, alegia Euskal Hedabideen inguruan gogoeta egiteko foro bat sortzea, edo Behategia bera baliatzea, aztertzeko:

Audientziak

Kontsumoak

Kalitatea

Produkzioa

Berrikuntza maila 


Azterketa hau EITBrekin, unibertsitateekin eta administrazioarekin batera egin liteke. Hedabideek bete beharreko helburuak (gutxieneko kalitate maila, gutxieneko audientziak edo kontsumoak, pluraltasuna) eta sektorearen garapena bera (norantz garatu beharko litzatekeen; ikus entzunezkoaren pisua eta garapena; Interneteko kontsumoen analisia) hor eztabaidatuko lirateke, beti ere euskal produktuen irismena handitzeari begira.

Planteamendu hau mahai gainean jarri ondoren, HPSk hiru urteko diru laguntzen deialdia proposatu du datozen urteetarako. Aurtengo aurrekontuen legean zehaztuta dagoenaren arabera, hurrengo hiru urteetan, 2019. urtera arte, gaur egungo aurrekontu bera aurreikusi du Jaurlaritzak euskarazko hedabideentzat.

Hiru urteko planteamendua ona da sektorearentzat. Asko errazten ditu urteroko burokraziak, eta diru laguntzak urte hasieran jasotzeko aukera izango lituzkete hedabideek. Beti eskatu dugu hori. Baina hiru urterako planteamendu itxia egitea, diru poltsa mugitzeko aukerarik gabe, eta irizpideen inguruko eztabaida sakona eduki gabe, ez da sektoreak behar duena. Ez da sektoreak eskatu duena. Ez da garatzeko eta egonkortzeko hedabideek behar dutena.

Bitxia da, baina epe ertainerako planteamendu honek ez du egonkortasun sentsaziorik sortu sektorean, kontrakoa baizik: ezinegona badago, ez gaude lasai.

Ez gara irizpideen inguruan hitz egitera iritsi. Hor ere bagenuen planteamendu bat. Esan genuen irismena baloratzea ontzat jotzen genuela, baina izaera eta hedadura kontuan hartuta: denentzat publiko potentziala ez zela bera. Esan genuen kobertura ez ezik frekuentzia edo maiztasuna ere baloratu behar zela, alegia fideltasuna, zenbatero banatzen zen produktua, ez delako gauza beran hilabetero banatzea edo astero, edo egunero. Esan genuen estrategikotasuna ere baloratu behar zela, babestu behar zela esaterako Arabako hedabide bakarra. Esan genuen berrikuntza eta kalitatea baloratu eta sustatu behar zirela.

Aitortza, sustapena, garapena. Etorkizuna.

2014an, produktuaren kalitatea eta erakargarritasuna kendu egin zituen HPSk irizpideetatik, eta autofinantzaketa mailaren balorazioa erdira gutxitu zuen. 2016an, baloratu beharreko irizpideen zerrendatik kendu ditu “teknologia berrien erabilera hedabideen zabalkunderako” eta “berrikuntza edota hobekuntzetarako neurriak hartzea”, alegia: hedabidearen irudia hobetzeko ahaleginak, langileen formazioa, hobekuntzarako egitasmoak eta ikerkuntza proiektuetan murgilduta egotea. Iragarri digutenez, irismenak are pisu handiagoa izango du diru banaketa erabakitzeko orduan.

Uste dugu hedabideak garatu eta hobetzeko beste neurri batzuk behar ditugula, irizpide gehiago eta zabalagoak. Irismena baloratu behar dugula uste dugu, badakigu egoera eta baldintza berdinetan kontsumitzaile gehiagorengana iristen dena zerbait hobeto egiten ari dela, baina badakigu, era berean, gure errealitatea hori baino askoz konplexuagoa eta, horregatik, askoz anitzagoa dela. Eta uste dugu kalitatea, autofinantzazioa, berrikuntzarako ahalegina edo estrategikotasuna kontuan hartu behar direla, irizpide eraginkorrak direla. Sektorea aurrera egitera bultzatzen eta laguntzen dutela.

Euskarazko hedabideek konpromiso sendoa daukate gaur egun egiten duten kalitatezko informazioa ematen jarraitzeko. Konpromisoa dute gero eta elkarlan handiagoan aritzeko, gero eta arreta handiagoa jartzeko kontsumo joera berrietan, gero eta berrikuntza gehiago egiteko produktuetan, kudeaketan, kalitatean. Konpromisoa dute hiztun komunitatearekin, hizkuntzarekin, komunikazioarekin, kazetaritzarekin. Horretarako, administrazioaren laguntza behar dute. Horregatik, era honetako foroan zein behar diren guztietan, jarraituko dugu eskatzen Legebiltzar honek duela urtebete adostu zuena gauzatu dadin: “gure jardunaren jarraipenerako behar ditugun baldintzak izan ditzagun”. Horretarako, zuen guztien laguntza behar dugu.

Eskerrik asko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hekimen
2024-03-04 | ARGIA
Hekimenek konpromisoak eskatu dizkie erakunde publikoei euskarazko hedabideak garai berrietara egokitzeko

Datozen eraldaketa sakonen aurrean euskarazko hedabideek iraungo badute, erakunde publikoei prozesuak azkartzeko laguntza eta konpromisoak eskatu dizkie Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak.


Euskal Hedabideen Urtekaria Euskalerria Irratian aurkeztu du Behategiak

Trantsizio digitalarengatik eta lehengaien garestitzeagatik, 2023 urtea zaila izan dela nabarmendu du Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak


2023-02-24 | Behategia.eus
Elkarlanaren ideiak zeharkatzen du goitik behera Euskal Hedabideen Urtekaria 2022-2023

Iazko urteak eman duenaren azterketa eta 2023an dauden erronka nagusiak jasotzen ditu Behategiaren urteroko argitalpenak. Azken horien artean dago digitalizazioaren eta adimen artifizialaren garapena baliatzeko urrats sendoak eman beharra; dela eleaniztasuna, ikus-entzunezkoak,... [+]


Hekimenek kritikatu du euskal hedabide gehienak Covid-19ko dirulaguntzatik kanpo daudela

Hedabideak laguntzeko Eusko Jaurlaritzak aurten egindako bi dirulaguntza deialdi aztertu ditu herri ekimeneko euskal hedabideen elkarteak, eta ondorioztatu du “baliabide handitze nabarmena” behar dela sektorea egonkortzeko, berrikuntza prozesuak sustatzeko eta... [+]


Euskarazko hedabideak eta jabetza intelektuala
Eztabaida dago edukien partekatzeaz

Jabetza intelektuala beti da garrantzitsua, sarri arazo iturri ere bai, eta horregatik mundu osoan ondo araututa dagoen esparrua da. Merkatua jaun eta jabe, eta salerostea eta lehia horren garrantzitsua den kapitalismoan, jabetza intelektuala batez ere copyright zigiluarekin... [+]


Eguneraketa berriak daude