argia.eus
INPRIMATU
Popel
Dokumental paregabea
Eneko Atxa Landa 2025eko irailaren 26a

Truebako areto txikian ikusi dut Popel (Errautsak), Oier Plazak zuzendutako dokumentala. Bertan, Unai Eguia irakasleak hasitako ikerketa bat da lana piztu duen lehen txinparta: El impostor eleberria irakurrita, nortasuna lapurtu zioten Enric Moner kataluniar errepublikanoari zer gertatu zitzaion argitzeko asmoz egindakoa. Ikerketa bide onetik hasi da, Antón Gandarias bere osaba Anjel Lekuonari zer gertatu zitzaion ikertzen ari baita aldi berean; bi aztertzaile horien bideak elkartu ostean, gero eta deportatu gehiago aurkitzen hasiko dira. Azkenean, Pragako errausketa-labean lan egin zuten bi aita-semeren ausardia eta gizatasuna ezagutuko ditugu.

Ez nuke gehiegi hitz egin nahi dokumentalean kontatzen den istorioaren inguruan: benetan diot, izugarri merezi duen lana da, nire ustez; ikus ezazue. Horren ordez, aipamen batzuk egin nahi nizkieke lanean zehar atentzioa eman didaten hainbat alderdiri.

Lehenik eta behin, Popel-en istorio gogorra ezagutu dugu, nazismo eta frankismo garaian gertatu ziren milaka adibideetako batzuk biltzen dituena. Istorioa oso egoki kontatzen da, modu hunkigarri eta sentimentalean, duen karga emozional guztia benetan ondo erakutsiz. Emozionalki izugarri iritsi zait lana, eta uste dut musikak eragin handia izan duela hori lortzeko. Aitor Etxebarriak egindako soinu banda bikain konposatua dago, eta, dokumentalean ederki kokatuta; ikuslea ia ohartu ere egin gabe harrapatzea lortzen du.

Irudiari dagokionez, nola dagoen grabatuta eta muntatuta ere aipagarria da. Plano oso ederrak, askotarikoak, istorioari bikain laguntzen diotenak, errealitate gordina erakutsiz, baina dotore. Gainera, hasieran batez ere, baina baita dokumental osoan zehar ere, Kote Camachok egindako animazioak ikus daitezke, jazotako eszena bortitzak berreraiki eta irudikatzeko. Estilo oso ederra dute ilustrazio eta animazioek, kontakizunari paregabeki laguntzeko.

Azkenik, dokumentazio prozesua izugarria iruditu zait, eta, gainera, bereziki ondo azaldua. Erraldoia deritzot dokumentatzeko egin duten lan guztiari, horrenbeste pertsonaren indarra batuz lortua. Pixkanaka argitzen joan da trama guztia, dokumentaletan ohikoa den moduan, eta oso ondo ulertzen den lana da, hasiera-hasieratik irentsi nauena.

Ikusi ditudan dokumentalen artean Popel da gehien gustatu zaidanetakoa. Zorionak eman nahi nizkioke talde osoari, halako lan ederra sortzeagatik: bikain kontatua, sentimentala, ondo dokumentatua, eta artistikoki borobila. Benetan, ikus ezazue; ez aukera galdu.