argia.eus
INPRIMATU
Doako etxebizitza unibertsala eta kalitatezkoa aldarrikatu du Etxebizitza Sindikatuak
  • Covid-19ak sortutako krisiak asko gordindu du Etxebizitza Sindikatuaren iritziz etxebizitza problematika, familia ugari babesgabetasun egoerara bultzatuz. Testuinguru honetan helbide elektroniko bat jarri du martxan sindikatuak, beharra dutenei aholkularitza eta sostengua bermatze aldera.

Hala Bedi @halabedi 2020ko apirilaren 02a

Osasun krisiak, krisi ekonomiko eta sozial bati zabaldu dizkio ateak eta testuinguru horretan larriagotu egin du etxebizitza problematikaren errealitatea. "Asko dira diru iturriak murriztuta ikusi eta jadanik zaila egiten zitzaien ordainketa, orain jasanezina bilakatu zaien familiak", azaldu dute Etxebizitza Sindikatuko kideek.

Etxebizitza arazoak "gaurko gordintasunean" aurpegi anitzak dituela azpimarratu dute: "Alokairua ezin ordaintzea, egoeraren 'berezitasuna' baliaturik kontratua eten nahi duen maizterra, etxean berrogehialdia pasatzeko ezintasuna eta abar luze bat".

Antolakuntzarako deia

Egoera iraultzeko antolakuntza proletargorako deia luzatu du Etxebizitza Sindikatuak. Alarma egoerak eta horrek eragin duen askatasun zibil eta politikoen murrizketak, ordea, ezinezkoa egiten dute elkartasun integral bat eskaintzea. Horren aurrean helbide elektroniko bat jarri du eskura Etxebizitza Sindikatuak beharra dutenei etxebizitzaren inguruko aholkularitza eta sostengua eskaintzeko: etxebizitzasindikatua@gmail.com da helbidea. "Jada modu desordenatu eta espontaneoan heltzen ari diren kasuei erantzun sistematikoak emateko aukera" izango du horrela Etxebizitza Sindikatuak bertako kideek azaldu duten bezala.

Lan-ildo zehatzak

Aldarrikapen konkretuak mahaigaineratzeko beharra ere ikusi dute Etxebizitza Sindikatutik, "proletariotzaren bizi-baldintzen aldekoak". Sindikatuaren iritziz "etxebizitzaren problematika gure eremu geografikoan lantzen duten zenbait erakundek ezarritako helburuak ez dira nahikoak; izan ere, gutxieneko eskaerak dira eta proletariotzaren errealitate sozio-ekonomikoa ez dute haintzat hartzen".

Hauek dira Etxebizitza Sindikatuak zehaztutako aldarrikapenak egungo egoerari aurre egiteko:

  • Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren jabetzea diren alokairuen suspentsioa, Alokabidek eta Etxebidek kudeatutako alokairuez gain.
  • Oinarrizko horniduren ordainketaren suspentsioa (ura, argia, gasa …)
  • Bizi-kostuak murriztea: doako garraio publikoa, premia biziko ondasunen merkatzea eta haien kalitatea lortzea, etab.
  • Inolako baliabiderik ez duten pertsonentzako doako etxebizitza eta kalitatezkoa.
  • Alokairuaren prezioa erregulatzea, jabe txikiei eta erakunde pribatuei dagokienez.