Hemeretzi urteko gaztea legez kanpo atxikita dauka honen familiak azarotik, Tindufeko (Argelia) saharar errefuxiatuentzako kanpamentuan.
Maiatzaren 25ean lortu zuen Saidek bere Euskal Herriko lagunekin harremanetan jarri eta laguntza eskatzea. Honen anaiak Espainiara alde egin zuela baliatuta, Saharako lagun baten telefonoa eta Facebook kontua erabili zituen bere adiskideekin harremanetan jartzeko. “Gaur arte ez naiz etxetik atera” zioen bidalitako mezuan, “giltzaperatuta eta inkomunikatuta” zeukatela eta bere anaiak jo egiten zuela salatu zuen. Mezuan, bigarren lagun bati bere familiaren kontra salaketa jartzeko eskatzen zion, bahitu egin dutelako.
Lagunak mezuan zioenari kasu egin, eta ekainaren 9an Saiden familia salatu du Ertzaintzaren Eibarko komisaldegian, legez kanpoko atxikitzeagatik eta derrigorrez ezkontzera behartzeko ahaleginengatik. El Diario egunkariak baieztatu duenez, emakumea bere familiak bahituta daukala jasotzen du salaketak, ezkontzera behartzeko asmoaz. Salaketa jarri eta hilabetera, uztailaren 7an, Saiden lagunek prentsaurreko bat eta manifestazio deitu zituzten bahiketa salatzeko.
Kasua publiko egin ostean, Said ostera jarri zen lagunekin kontaktuan, jarritako salaketa kentzeko eskatuz honako honetan. Bere nebak egin zizkion heriotza mehatxuengatik beldurtuta zegoela jasotzen du salaketa zabaltzeak.
Djandra Said bere amarekin joan zen oporretara Saharara, familia bisitatzera. Hilabetekoa behar zuen bidaiak, baina, bahiketan amaitu du. Pasaportea eta mugikorra erretiratuta, familiak buelta egitea eragotzi dio.
Euskadiko Sahararren Ordezkaritzak ziurtatu duenez, kanpamentuetako autoritateei kasuaren berri eman diete, gaztea zein egoeratan dagoen azter dezaten. Bere arrebaren dokumentazioa itzuli dezan, Saiden neba konbentzitzeko saiakera egin dutela adierazi dute, baita bahituarekin eta honen familiarekin hitz egin behar dutela adierazi ere. Saidek bueltatzeko gogoa badauka, “ahalik eta denbora motzenean” hala egiten utzi diezaioten konbentzitu nahi dute familia, azaldu dutenez.