Erresuma Batuko ika-mika parlamentarioaren mamia zen Keir Starmerren gobernuak, azkenean, sinatu duela Maurizioko Errepublikarekin Txagos uhartediaren subiranotasuna hari aitortzen dion tratua. Hori bai, bertan AEBek (Erresuma Batuaren presentzia hutsaren hurrengoa baita) duten base militar estrategikoak bere horretan jarrai dezan 99 urterako errentamenduaren truke.
Galtzeko arrisku handirik gabeko apustua litzateke postura egitea Eric Arthur Blair, goitizenez George Orwell, bizi izan balitz, Abereen etxaldea edo 1984-ren mailako distopiaren bat idazteko inspiratuta aurkituko zela pasa den ostegunean, maiatzak 22, Erresuma Batuko Komunen Ganberan Txagos uhartediaren inguruan izandako eztabaida aditzeko parada izan balu. Zoritxarrez, 75 urte daramatza hilda Homage to Catalonia-ren egileak. Baina, asmaziotan aritu gabe halako distopia esku-eskura izateak bai kitzikatuko zuela, ziur.
Gainera, bere haurtzaro-gaztarotik aditzera izango zuen –britainiar eta europar gehien-gehienek baino gehiago behintzat bai– mundu-parte bati buruzkoa izanik. Urruti samar dago Txagos Orwellek zuzenean ezagutu zituen Bengalatik edo Birmaniatik, baina are urrutiago geratzen da Londrestik edo AEBetatik. Gertu, ez dago inondik gertu Txagos uhartedia.
Ika-mika parlamentarioaren mamia zen Keir Starmerren gobernuak, azkenean, sinatu duela Maurizioko Errepublikarekin Txagos uhartediaren subiranotasuna hari aitortzen dion tratua. Hori bai, bertan AEBek (Erresuma Batuaren presentzia hutsaren hurrengoa baita) duten base militar estrategikoak bere horretan jarrai dezan 99 urterako errentamenduaren truke. Epemuga heltzen denean bera ez dela Etxe Zurian izango ulertu bide duenez, Trumpek amore eman izango du hasiera batean oso ezkor hartu zuen egitasmo britainiarraren aurrean.
Starmerrek, aldiz, bestelako aterabide guztiak auzitegietan galtzeko ziurtasuna saldu die bereei. Ez, haatik, tory eta erreformistei, “Txinaren besoetara joaten ari den Maurizioren eskuetan” utziko omen baitu uhartedia akordioak. 99 urte amen batean joaten direlako edo. Gainera, “geurea zenagatik” ordainduko omen da errenta.
Pozik dagoen bakarra, seguruenera, Maurizio izango da. Inoiz “berea” izan ez den zerbaitegatik errenta jasoko duelako. Administrazio kolonial britainiar berberaren pean egon izana partekatzen dute mauriziarrek eta txagostarrek. Baina 1960ko hamarkadaren hondarrean, batzuentzat independentzia heldu zen... eta besteentzat deportazioa, AEBei base militar estrategikoa oparitu ahal izateko.
Gerra Hotzaren pasarterik hitsenetako bat da txagostarren deportazioa. Inoiz onbideratu ez dena, auzitegiek ere bidegabekeria behin eta berriz ebatzi duten arren. Orain, erbestean beste 99 urteko luzapena iragarri zaie jada deportatuen ondorengoak diren txagostarrei. Ez da harritzekoa benetan haserre daudenak haiek izatea.
Beste batzuen sumindura, beharbada, 99 urteko epe horrek sorrarazten dizkien oroitzapen garratzetatik letorke. Ingalaterrako legeak ahalbidetzen duen errentamendu-eperik luzeena da. Adibidez, Orwell jaio baino bost urte lehenago, Hong Kongeko Lurralde Berriak errentatzeko baliatu zen. 99 urte igarotakoan gertatu zena gogoan dute, agidanez.