argia.eus
INPRIMATU
Dispertsioarekin loturiko bosgarren istripua aurten: Etxeratek elkarretaratzeak iragarri ditu
  • Euskal presoen senideen elkarteak prentsaurrekoa emango du asteazkenean Donostian. Hilabete honetan jazo den hirugarren istripua da.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko ekainaren 13a
Etxeratek zenbait elkarretaratze egingo ditu astean zehar, dispertsioa salatzeko. (Argazkia: @lasterbidean)

Salamancatik bueltan zetozela, istripua izan zuten Jon Agirrebarrena preso lizartzarraren senitartekoek igandean. Gertaera dispertsio politikaren ondorioa dela salatu du Etxeratek, eta prentsaurrekoa deitu du asteazkenerako. Donostiako Bulebarrean izango da, 19:00etan.

Etxeratek adierazi duenez, “senideek derrigorrean inposaturik euren bizitza eskubidea gauzatzeko egin behar dituzten bidaia luzeen osteko urteko bosgarren ezbeharra” da igandekoa, ekainean jazo den hirugarrena.

Preso eta iheslarien senideen elkarteak dispertsioak dakartzan ondorioez jabetzeko beharra ikusten du, eta azpimarratu du “makina bat istripu eta kalte fisiko, psikiko eta ekonomiko” ekartzen dituela.

Hala, egoera salatzeko eta “elkartasuna adierazteko” kontzentrazioak egingo dituzte astelehenez. Bilbon Arriaga parean elkartuko dira, 19:00etan. Bere aldetik, Iruñean 20:00etan izango da protesta PPren egoitza parean, eta ordu berean bilduko dira gasteiztarrak Andra Mari Zuriaren plazan.