argia.eus
INPRIMATU
Dispertsioaren aurkako ekintzaz josiko du Euskal Herria Sarek asteburu honetan
  • Dispertsioaren amaitzeko eta preso gaixoen etxeratze azkarra eskatzeko Euskal Herri osoan ekimenak antolatu ditu Sarek.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko apirilaren 14a
Asteburuko ekimenak aurkezteko prentsaurrekoa eskeini dute Sareko kideek

Apirilaren 18 eta 19an herritarrek osatutako sarea indartu nahi dute: “Elkarrengana gerturatu gaitezen, egunero egiten dugun bezala euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubide guztiak errespetatuak izan daitezen, eta dispertsioarekin amaitu ahal izateko, ideiak trukatzea eta adostasunak topatzea”.

“Saretik bizikidetzari eskua luzatu nahi diogu. Akordioari. Aurrera pausoak elkarrekin emateari gatazkaren konponbide justu bat topatzeko. Atea itxi nahi diegu konfrontazio eta aurkaritzan temati jarraitzen duten horiei”, adierazi dute herri mugimenduko kideek.

Herriz herri ekimen asko prestatu dituzte eta deialdi guztiak Sareren webgunean kontsulta daitezke.

Hego Euskal Herriko hiriburuetako ekintzak

Hego Euskal Herriko hiriburuei dagokienez, Bilbon, apirilaren 17an dispertsioaren liburuxka erregistratuko dute plaza Eliptikoan dauden erakunde publikoetan 11:00etan.

Apirilaren 18an 11:00etatik 14:00tara Donostiako Nautikoan, hiriko presoen senide eta lagunek astero egin behar dituzten kilometroak arraunean, bizikletan edo oinez betetzen saiatuko dira.

Ordu erdi geroago, Iruñean, 11:30etik 13:00era informazio mahaiak kokatuko dituzte Arrotxapeako Maiteminduen parkean eta Anelier pasealekuan besteak beste.

Gasteizen apirilaren 19an 12:30ean Andra Maria Zurian elkartuko dira dispertsioarekin amaitu, preso gaixoen kaleratzea eta iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatzeko.

Urtebete euskal presoen eskubideen alde

Sare herritarrak urtebeteko ibilbidea bete berri du. 2014ko martxoaren 15ean jaio zen, euskal presoen giza eskubideen aldeko herritarrek sortutako mugimendua.

Dispertsioa aplikatzen hasi zenetik 26 urte beteko dira aurten. Hori dela eta, Sarek 500.000 liburuxka konpartitu ditu presoen sakabanaketaren arazoaren berri emateko.