argia.eus
INPRIMATU
Dispertsio politikak 5.000 haur kaltetu ditu ia 30 urtean, Etxeratek salatu duenez
  • Dispertsioaren haurrak txostena aurkeztu du Etxeratek, preso politikoen sakabanaketak haurrengan dituen ondorioak azaleratzeko. Egun dispertsioak 1.000 haur inguru kaltetzen dituela salatu du elkarteak eta instituzioei dei egin die, ardura har dezaten.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko irailaren 06a
'Dispertsioaren haurrak' txostenaren aurkezpena. (Argazkia: Etxerat)

Dispertsio politikak presoen senide eta lagunei eragindako oinazea gogora ekarri du Etxeratek, eta azaldu du oinaze horrek ez duela “bereizketarik egiten”. Euren esanetan, “ume eta adingabeentzat ondorioak askoz larriagoak dira”, eta beraz, “indar politiko eta erakundeen ardura handiagoa da”.

Euskal preso politikoen seme-alabak, anai-arrebak, ilobak eta bilobak “salbuespeneko neurrien mende dauden haurrak” direla salatu du Etxeratek, eta neurri horiek “euren bizitza, garapena, afektibitatea eta etorkizuna baldintzatzen” dutela. Gaineratu dute “dispertsio politikarentzat haurren eskubideak” ez direla existitzen, “dispertsio politikarentzat eskubideak ez direlako existitzen”.

Dispertsioak kalteturiko haurren errealitatea zein den azaldu du preso eta iheslari politikoen elkarteak: “Bizia arriskuan jarriz, astebururo bidaia luzeei aurre egin behar diete, detektagailu eta araketei; ehunka kilometro bidaiatu ondoren bisitarik gabe uzten dieten arbitrariotasunei. Kartzeleratutako senideekin elkartrukatzen dituzten gutun guztiak kontrolatuak dituzten haurren errealitatea da, bisita guztiak grabatuak dituztenak, euren intimitatea bortxatua izaten ari dela badakiten haur batzuen errealitatea da”.

Erakundeekin kontaktuan jarri direla azaldu dute Etxerateko kideek, uste baitute “[haien] ardura saihestezina dela giza eskubideak tartean daudenean, baina are garrantzitsuagoa da haurren eskubideak direnean”. Bereziki Lehendakariari eta Nafarroako Gobernuko presidenteari dei egin die, baina baita ere gizarteari, “dispertsio politikaren ondorioen isiluneari aurre” egiteko.