“Ba al zenekiten testuliburu gehienetan ia ez dela aipatzen armen industriak egungo gatazketan duen rola? Edo oso gutxitan jartzen dela zalantzan gerra ezinbestean gertatu behar dela esaten duen narratiba?”, dio Gerrarik Ez Araba elkarteak. Bestelako narratibak, eztabaidak eta hausnarketak piztu asmoz, unitate didaktikoa kaleratu du DBHtik aurrerako ikasleentzat.
“Hezkuntza kritikoa inoiz baino beharrezkoagoa” eta “militarismoak gero eta presentzia handiagoa” duen garaiotan, hezkuntza curriculumetan isiltasuna nagusi dela azpimarratu du Gerrarik Ez Arabak, eta horri buelta emateko xedez aurkeztu dute “Si vis pacem, para (bellum) pacem” unitate didaktikoa, Bigarren Hezkuntzarako, Batxilergorako, unibertsitaterako eta hezkuntza sozial eta herritarrerako espazioetarako pentsatua.
Dekolonialitatea, feminismoa, antimilitarismoa eta justizia ekosoziala oinarri, “unitate honek apurtzen du gatazken ikuspegi sinplista eta heroikoa: egiturazko kausetatik abiatzen da, geopolitikaren rola aztertzen du eta erakusten du gerra botere ekonomiko, teknologiko eta komunikatiboetatik ere elikatzen dela”, adierazi dute elkartetik.
"Unitate honek apurtzen du gatazken ikuspegi sinplista eta heroikoa: egiturazko kausetatik abiatzen da"
Zer eskaintzen du unitate didaktikoak?
Besteak beste, 33 lamina didaktiko ditu unitate didaktikoak (irudi, testu, datu eta “probokazioekin”) eta galdera kritikoak luzatzen ditu, metodologia parte-hartzailea duelako helburu, alegia, “pentsatzea, eztabaidatzea eta ekitea”.
“Gerrak hemen hasten dira”, “biktimak gero eta gehiago zibilak dira”, “batzuk aberastu egiten dira gerretan”, “hezkuntzak ez ditu gerrak geldiarazten, baina haien aurka gaudenon kopurua handitu dezake”, “gertuago edo urrutiago egon, globalizazio garaiotan denok inplikatzen gaitu gerrak”… eta beste hainbat mezu antibelizistaren inguruan ikasleak hausnartzera bideratzen ditu unitateak.
Laminak ere askotarikoak dira: heriotzen estatistikak, teknologiaren erabilera gatazketan, gerraren aurkako konpromiso aktiboa, gatazka ezikusiak, ikerketa antimilitarista, intsumisioa, NBE eta NATO, industriagune militarrak…
Gerrarik Ez Araban garbi dute: “Gerra ezinbestekoa balitz bezala aurkezten den mundu batean, gerrak zalantzan jartzea ekintza demokratikoa da, herritarra… eta eraldatzailea”.