argia.eus
INPRIMATU
Diskoen azalak objektu artistiko ere badirelako
  • Mikel Bilbao EHUko irakasleak Eresbil artxiborako egindako azterlanak 600 disko ingururen azalak berreskuratu ditu, egileen lanak aldarrikatzeko asmoz. Era berean, Eresbil Musikaren euskal artxiboak martxan jarri du 4.000 diskoren karatulak babesteko proiektua.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko apirilaren 12a
Mikel Bilbaok ikerketa eta analisi historiko artistikoa egin du. Argazkia: Ibai Biritxinaga / EHU.

Mikel Bilbao EHUko irakasleak Eresbil Musikaren euskal artxiborako egindako “Artearen eta diseinu grafikoaren artean. Disko-karatulak” azterlanean, Euskal Herriko ehunka diskoren azalak aztertu ditu eta ikerketa eta analisi historiko artistikoa egin du, karatulen egile diren artista eta diseinatzaile grafikoen lanak aldarrikatzeko asmoz.

EHUk egindako erreportajean Bilbao elkarrizketatu dute. Haren ustez, diseinuen egileak artistak eta grafistak dira eta gaur egun eredu dual honek jarraitzen duela adierazi du. Era berean, artearen eta diseinuaren munduan izan diren korronteek diskoen azaletan "eragin nabarmena" izan dutela esan du. "Errealitate musikal ezberdinen isla" ere badirela gehitu du. 

Ikerlanean 600 karatula inguru aipatzen dira. Horien artean hainbat artista agertzen dira: Néstor Basterretxea, José Luis Zumeta, Rosa Valverde eta Laura Esteve, besteak beste. Irakaslearen hitzetan, “ikerlan honetan, aitortza merezi duten lanak berreskuratu eta ezagutarazi nahi izan ditugu, batez ere, emakumeenak, zeinak, zoritxarrez, askoz ere ezezagunagoak izan baitira”.

Azkenik, musika kontsumitzeko modua "nabarmen aldatu" dela adierazi du, eta ondorioz, karatulen presentiza "txikituz" joan dela.

Eresbilek 4.000 karatula babesteko proiektua abiatu du

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diruz lagunduta, Musikaren euskal artxiboak proiektua abiatu du, 1960ko hamarkadatik gaur egun arte argitaratu diren 4.000 disko karatula baino gehiago formatu digitalean gordetzeko.

Karatula horiek joan den mendean Euskal Herrian hasi ziren zigilu diskografikoetako katalogoetakoak dira eta Euskariana Euskadiko Liburutegi Digitalaren bitartez kontsulta daitezke.