argia.eus
INPRIMATU
Euskarazko errotulazioa saltoki handietan
Diruz lagundutako amnistia legala
  • Imajina ezazu zergak ordaintzeari uztea erabakitzen duzula, demagun… bost urtean zehar. Bosgarren urtean, ogasunetik hots egiten dizute, legea errespetatu eta urte horretan dagokizun deklarazioa egiten baduzu, sei mila euroko laguntza esleituko dizutela esan dizutela. Hau da, diruz lagundutako amnistia fiskala.

Iker Salaberria 2015eko abenduaren 17a

Bada, halako zer edozer pasako zaie euskaldunon hizkuntza-eskubideak urratu eta kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideei buruzko 123/2008 Dekretua bete ez duten saltoki handiei. Duela hilabete eskas jakin genuen Eusko Jaurlaritzak 500.000 euroko laguntza emango ziela errotulazioa euskaratzeko. Hau, aipatutako dekretuak Jendaurrean jartzeko kartel edo errotuluetan ageri den informazioa -finkoa eta aldakorra- euskaraz jartzeko betebeharra jarri eta zazpi urtera. Saltoki handiak dekretuaren eraginpean daude eta dekretua onartutakoan berau betetzen laguntzeko 600.000 euroko laguntza deialdia aurreikusten zen.

Joan dira zazpi urte eta neronek ezagutzen ez ditudan, dirutzak eta diru-laguntzak. Ez da hainbeste denbora ordea, dekretuaren betetze mailaren azterketa kaleratu zela. Ondorio argi pare batekin: saltoki handien %30ak ez zuen dekretua ezagutu ere egiten eta %64ak ez zuen betetzen.

Bitartean, pogresibitate eta arian aritu ezaren pisu guztia euskaldunon bizkar geratu da. Hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoak ez du etenik. Are gehiago, ez eta instituzioen behar besteko babesik, horrelako egoerei aurre egiteko ere. Hori bai, babesik eman ez eta guk eskatzean omen dago gakoa, diotenez.

Bada, beste batzuk dioten bezala, euskararen alde, guztiak ez du balio. Ez du balio, dekretua onartu zenetik egin den azterketa bakarrak frogatu duenez, gauzak horrela egiteak, ez baita eraginkorra. Eta ez du balio, euskalgintza prekarietatean bizi den bitartean, euskaltegietan euskaraz ikasteko ordaindu behar den bitartean,… Lidl, Carrerfur, Alcampo eta enparuetan milaka euro xahutzeak, zer eta legea bete dezaten. Euren aurrekontu erraldoietan ezdeusak diren kopuruak bestalde, urrats hori eman hala ez erabakitzeko garaian.

Okerrena zera da ordea, halako neurrien atzean nagusitzen den eta legea (123/2008 Dekretua) bete beharko luketen establezimendu horiei helarazten zaien mezua ondorengoa dela: lasai egon zaitezkete, legea bete ez, eta hizkuntza-eskubideak urratu ditzakezue, ez baita lehentasunezko kontua. Gainera, lege-hausteak ondoriorik ez duten legeak onartzen diren eremu bakarra da hau. Izatez, diruz laguntzen da. Gabon garaiotan, kontsumitzaile euskaldunoi Jaurlaritzak ikatza oparitu digu eta gure eskubideak urratzen dituztenei, 500.000 euro.

[Iritzi hau hau hona ekarri dugu Kontseiluaren webguneko blogetik, artikulu originala hemen aurki dezakezu]