argia.eus
INPRIMATU
Diru biltze kanpaina abiatu du Gure Irratiak, “egoera ekonomiko larria” gainditu nahian
  • 40.000 euroko defizita du Lapurdiko irratiak, eta zuloa tapatzeko laguntza bildu nahi dute herritarren partetik, herriko etxeen partetik zein enpresen partetik ere.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko urriaren 02a
Gure Irratia-k egindako prentsaurrekoa, urriaren 1ean. Gure Irratia

Laguntza ekonomikoa galdetu die herritarrei Gure Irratia komunikabideak, "ahal den neurrian, baina iraunkorki". Gisa horretara, sortzera doan Irratia GIra komunitatearen parte izanen dira, hainbat abantaila ere jasota –sarien zozketan parte hartzeko aukera, programazioari buruzko iritzia helarazteko aukera eta beste–.

Asteazken honetan egin dute prentsaurrekoa Gure Irratiak-eko ordezkariek, komunikabidearen egoera ekonomiko larriaz ohartarazteko: 40.000 euroko egiturazko defizita du irratiak.

Herritarrez gain, enpresei eta herriko etxeei ere galdetzen diete sostengua: diru-laguntza bideratzen ez dutenei bideratzen hastea eta jadanik laguntzen dutenei, ahal den neurrian emaitza emendatzea. Enpresei begira mezenasgo bat abiatuko dute, eta dei berezia egin diete euskarari eta euskal kulturari lotuak diren egiturei.

Arrazoiak, bat baino gehiago

Gaur egun, Frantziako Estatuko irratiak diru publikoz laguntzen dabilen FSER funtsak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak bermatzen dizkie aurrekontuaren hiru laurdenak. Arazoa da diru zama horiek ez direla emendatu azken urteetan, baina gastuak bai. Adibidez, digitalizazioaren bidean DAB+ sistemaren alde egin du irratiak etorkizunari begira kokatzeko, eta horrek ere gastu gehigarriak ekarri ditu. Eguneroko gastuak eta soldatak ere igoera izan dute.

Are gehiago kezkatzen ditu jakiteak EEPren geroa zalantzan dela eta FSERren aurrekontuaren beherakada ere mahai gainean duela gobernuan.

Gure Irratiaren lelo historikoa da Gure Irratia, zure irratia, eta prentsaurrekoan nahi izan dute azpimarratu lekuko eta euskarazko irrati horren inportantzia: "Euskara eta kultur aniztasuna biziarazten dituen zutabe nagusietako bat da Lapurdin. Informazio fidagarri eta librearen alde lan egiten du, tokiko informazio zuzena eskaintzen du", Marga Forestier irratiko administrazio kontseiluko kidearen hitzetan. 1981ean sortu zen Gure Irratia; euskara hutsean ari zen Lapurdiko lehen irratia izan zen. Gaur egun, hiru langile ditu Gure Irratiak, eta Euskal Irratien federazioko kide da, Antxeta Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botzarekin batera.