argia.eus
INPRIMATU
‘Dinagu’ emakume sortzaileen elkartearen azoka, 10ean eta 11n Tolosan
  • Duela lau urte sortu zuten hainbat emakume sortzailek Dinagu elkartea, haien lanak ezagutaraztea xede indarrak batzeko. Abenduaren 10ean eta 11n Tolosako Zerkausian izango da elkartearen Nomadak Gaitun! azoka ibiltaria. Orotara 54 proiektuk izango dute lekua bertan.

ARGIA @argia 2022ko abenduaren 05
Laur urtean hainbat herritan egin du azoka ibiltaria Dinagu elkarteak.

"Emakume sortzaileak ezagutu eta beraien produktuak eskuratzeko plaza duinak sortzea" da elkartearen helburua, "ahizpatasuna, ahalduntzea, euskara eta jasangarritasuna bezalako baloreak erdigunean jarriz". Azpeitian, Gernikan, Donostian, Laudion, Iruñean, Oñatin eta Saran izan ostean, Tolosan paratuko dute Nomadak Gaitun! azoka ibiltaria. "Azoka honek lurralde osoko diziplina anitzetako emakumeen produktuak erosteko aukera eskaini nahi die herritarrei", jakinarazi dute proiektuko kideek. Bertan izango dira moda, bitxigintza, ilustrazioa, zeramika, kosmetika, egur lanketa, enkoadernazioa eta beste hainbat teknikarekin sorturiko lanak.

Batzuk 10ean izango dira, arratsaldeko 17:00etan hasi eta 21:00ak arte, beste asko igandean, 11an, 11:00-15:00 bitarte, eta gutxi batzuk bi egunetan izango dute mahaia. Bi egunetan umeen txokoa ere izango da, larunbatean ipuin kontalari batekin eta igandean eskulanen txokoarekin.

Zergatik Tolosan?

"Herri txiki euskaldunez osatutako Tolosaldeako hiriburua da Tolosa, eta jakina da txikia handi egiten duen herria dela", diote Dinaguko kidek. "Bertako denda, komertzio eta ekoizle zein baserritar txikiak indartzeko egiten den lanak bere herriguneko bizian du isla. Bertako produktu eta kulturaren kontsumo arduratsu baten alde egiten den apustuak inguruko herritarrengan eragin nabarmena dauka eta horrek nortasunez betetako herri berezia bihurtzen du".

"Sormenaren plaza izateko herri perfektua da Tolosa", gaineratu dute. "Bertako emakumeek eginiko sormen produktuen erakusleihoa kokatzeko zentroa da. Aipatu bezala, herrian eta inguruetan bertako kontsumoaren alde egiten den lana nabarmena da, eta Euskal Herriko emakume sortzaileek eginiko lanek bertan egon behar dute".

 

 

Dinagu kolektiboa osatzen duten emakumeetako batzuk, iazko azoka ibiltarietako batean.