Yanis Varoufakis Greziako finantza ministro ohiak Berlinen aurkeztu du asteazkenean Demokrazia Europan Mugimendua 2025, DiEM25 moduan ere ezagutzen dena.
Europar Batasuneko instituzio eta politiketara aldaketa ekarriko duen Europa mailako mugimendua era dadin, Europa mailan helburu hori izango duen elkarrizketa zabalaren beharra aldarrikatu du ekonomialariak. “Gardentasuna, demokrazia, elkartasuna eta tolerantzia” dira Europako herriek europar proiektu bateratuari eman behar dizkioten baloreak –azpimarratu du–, bestela, horrela jarraitzen badu Europa zatiketarantz doa.
Mugimenduaren zabalkundea nola egingo den galdetu diote El Diario-tik, eta Varoufakisen esanetan, “mugimendu herritar baten logikak dio berau abiarazten dutenek ez dutela idazten gidoirik aldez aurretik. DiEM25ek lortuko duen kontsentsua bakarrik ezagutuko da bere kideak hori lortzen dutenean”.
Iragan udan Grezian izandako gobernu krisiaren ondoren, Varoufakisek aipatu zuen Europar Batasunetik ateratzea ezinbestekoa zela beren etorkizuna haiek kontrolatu nahi zuten herrientzat. Orain, ordea, badirudi bere ideien oinarrian dela EB barrutik aldatzea eta horretarako bildu nahi ditu indarrak mugimendu berrian.
Europaren demokraziaren aldeko manifestuan biltzen dira DiEM25eko oinarri eta helburuak (hemen gaztelaniazko bertsioa).
Open Democracy atarian ere aurki daiteke gaurko aurkezpena eta manifestuaren berri