argia.eus
INPRIMATU
Diario Fatxoren Twitterreko kontua berriz martxan
  • Asteazkenean 17:30ean aktibatu du Twitterrek Diario Fatxoren, goizean bertan behera utzi ostean. Ondorengo mezuaren gaztelaniazko bertsioarekin itzuli dira: "Hiru gauza daude luzaroan ezin ezkuta daitezkeenak: eguzkia, ilargia eta egia. #DFwins". Twitterrek bidali dien emailean "akatsa" izan dela adierazi diete.

ARGIA @argia 2014ko urriaren 23a
Udan Diario Fatxoren aldeko pankartak jarri dituzte herri askotan. Irudian, Hernanikoa.

Goizean hasi da dena, Facebooken jarri duten mezu batean iragarri dutenez. Inolako oharrik gabe izan dela eta Twitterreko arduradunei idatzi dietela aipatu dute. "Kontua ixtea oso larria da, baina zoritxarrez, horrelako gauzak aurreikusi genituen honetan hasi ginenean, eta garbi esango dugu: ongi ari garen seinale gisa hartzen dugu", adierazi dute.

Egun osoan zehar #GoraDF traola oso aktibo ibili da Euskal Herrian. Hainbat hilabete daramatzate sare sozialetan Diario Vascoren ildo editorialaren eta kazetaritza ereduaren kritika egiten. Twitterren 5.900 jarraitzailetik gora dituzte.

"Gipuzkoako egunkari salduena den Diario Vascoren gezur eta manipulazioak salatzen" jarraituko dutela iragarri dute. Kalean ere ekimenak egin dituzte uda honetan, eta Gipuzkoako herri ugaritan mezuak jarri dituzte, jaiak baliatuz.

Ekimen honen antzeko besteak ere badira, Diario de Pattarra eta El Chorreo Español kasu.