argia.eus
INPRIMATU
“Diario de Noticias”-eko langileek greba indefinitua iragarri dute enpresak zazpi kazetari kaleratu ondoren
  • 60 lagun inguru bildu dira gaur goizean Iruñeko egoitzan lankideak berriro onartzea eta negoziazioa eskatzeko zein enpresaren aldebakarreko erabakia salatzeko.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2019ko uztailaren 05
Argazkia: Unai Beroiz Nieto Argazkia: Unai Beroiz Nieto

Diario de Noticias-eko 60 langile inguru Iruñeko egunkariaren egoitzan bildu dira ostiral goizean enpresak Lizarrako delegazioko lau kazetari eta Tuterako beste hiru kaleratu eta gero. Kontzentrazioan, CCOO, ELA eta Solidari sindikatuek osatutako komiteak uztailaren 11tik aurrera deitutako greba indefinitua iragarri dute, “lankideak berriro onartu, langileen batzordearekin negoziaziora bueltatu eta aldebakarreko erabakirik berriz ez hartzea”, exigitu dute.

Zazpi kaleratze hauekin, komunikabide nafartarrak Lizarra eta Tuterako egoitza fisikoak itxi eta bertako delegazioekin bukatu du, bulegorik gabeko bi kazetari bakarrik utzita. Komitearen ustez, erabaki hau “aurrekaririk gabeko plantillaren aurkako erasoa da”. Gainera, “etika, duintasuna eta Diario de Noticias-en sorreraren printzipio editorialen kontra” doan erabakia dela kritikatu dute.

Horri aurre egiteko, “Bilbotik inposatutako aginduak” edo “harrokeria enpresariala” ez dutela onartzen adierazi dute langileek. Bestalde, “kaleratzeen berri ematerakoan” eta erredakzioan atzo izandako asanblean “zuzendariaren falta” salatu dute, haiek eskatu bazuten ere.

Lizarrako ordezkaritzan kaleratutako bi langilek hamabi eta hemezortzi urte zeramatzaten egunkarian, batzarrean azaldu dutenez, eta “egun batetik bestera” enpresatik bota dituzte. “Arratsaldean langileen batzordeak gerentearekin hitz egin zuen berririk bazegoen galdetzeko, baino honek albisterik ez zegoela esan zuen. Hurrengo egunen, kalean geunden”, ziurtatu dute.

Komiteak aipatu bezala, “gaur zazpi gutxiago gara, bihar ez dakigu zenbat izango garen”. Horregatik, greba mugagabea hasiko dute datorren ostegunetik aurrera, lehenago “negoziaziorik ez badago”.