argia.eus
INPRIMATU
DIA supermerkatuetako langileen greba masiboa Bizkaia eta Gipuzkoan, prekarietate eta kaleratzeen aurka
  • Otsailaren 27an eta 28an grebara deituta zeuden DIA supermerkatu kateko langileak Bizkaian eta Gipuzkoan, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Balizko Enplegu Erregulazio Espedientearen aurka eta lan baldintzak hobetzea eskatzeko, jarraipen zabala izan du mobilizazioak.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 28a
DIAko langileen manifestazioa. Lantaldea emakumez osaturik dago gehienean (arg: Ecuador Etxea)

Espainiako Estatu osoan 2.100 laguni eragin diezaiokeen espedientea ireki zuen berriki DIA-Twins enpresak. Horren aurrean langileak kalera atera dira eta Bizkaian eta Gipuzkoan grebara jo dute asteazken eta ostegunez. Multinazionalak egindako finantza eragiketen zama eurengan jartzen ari direla uste dute langileek, "arazoa zuzendaritzak sortu" duenean.

"Egoera erabateko esplotaziozkoa da: ordutegi aldaketa etengabeak, lan karga izugarria, bajarik ezin hartu kaleratua izateko beldurrik gabe...", diote langileen ordezkariek. Euren etorkizuna bermatu eta lan baldintza prekarioekin amaitzeko greba deialdiak arrakasta handia izan duela jakinarazi dute sindikatuek, batez ere Bizkaian, eta Gipuzkoan ere jarraipena handia izan da. Denera 500 lagunetik gora ari dira DIArentzat lanean lurralde horietan, gehienak emakumeak.

Bestalde, ELAk eta LABek eskatu dute Euskal Herriko errealitate sindikala errespetatu dezatela eta Estatu mailako negoziazio mahaitik kanpo utziaz jasaten ari diren bazterketarekin amaitzeko eskatu dute. Gauza bera egin dute Aragoiko OSTA eta Galiziako CIG sindikatuek. Mahai horretan soilik CCOO, UGT eta Fetico sindikatuekin eseri da konpainiako zuzendaritza.

"Eskatzen dugu berton analiza eta negozia daitezela krisi honetara eraman duten arrazoiak, harik eta irtenbiderik egokiena erabaki ahal dadin. Hau demokratikoa ez ezik DIAko langileen aldeko defentsarik hoberena litzateke. Madrildik sekula ez da ezer onik etorri", adierazi dute sindikatu abertzaleek. Zentzu horretan, mahai horren osaketa iruzurtzat eta ilegaltzat jo dute.

Hurrengo greba eguna martxoaren 5ean dute eta gauzak konpodu ezean martxoaren 11tik aurrera greba mugagabeari ekingo diote.