argia.eus
INPRIMATU
DGSIko agente infiltratu bat atzeman dute Parisko eta inguruko hainbat mugimendutan
  •  Militante eta borrokagune ugari salatu ditu 2022az geroztik, onura administratiboen truke. 

Gedar @GedarLangileKZ 2025eko irailaren 12a
Agente infiltratua. 2025indicparis.noblogs.org

Duela gutxi egindako aurkikuntza batzuei esker, hainbat mugimendutan infiltrazio-lanak egin dituen sator bat eman dute argitara Frantziako Estatuan. 2022ko martxotik egon da aktibo, eta ezizenez "Momo", "Molo", "Zer0" edo "Molooo" bezala ezagutzen zuten. Komunitate militantearen txosten baten arabera, informatzaileak hainbat talderen eta kideren konfiantza politikoa bereganatu zuen, kaleko mobilizazio, espazio politiko eta zuzeneko ekintza askotan parte-hartze aktiboa eta etengabea izanez.

2025indicparis.noblogs.org blogak jaso duenez, bere profila ondokoa zen: gaitasun sozial handikoa eta itxura fisiko arruntekoa da (1,70 m, gaztaina-koloreko ilea eta bizarra).

Kolaborazio-eskaera, onuren truke

Momok gutxienez bost poliziarekin izandako elkarrizketak aurkitu dituzte; Telegram, Signal eta WhatsApp bidez. Jakin dutenez, haiekin kolaboratzera behartu zuten atxiloketa baten harira, zenbait manifestaziotan grabaturiko bideo inkriminatorio batzuk erakutsi baitzizkioten. Poliziak hitzeman zion bere migrazio-egoera erregularizatuko zutela eta beste onura batzuk bermatuko zizkiotela, informazioa ematen baldin bazien.

Hain zuzen ere, faxismoaren edo arrazakeriaren kontrako mugimenduetako, mugimendu ekologistetako edo nazioarteko elkartasun-sareetako informazioa eskatu izan diote; besteak beste militanteei, tokiei, ekintza-planei eta jarduerei buruzkoa, bereziki Parisen eta inguruan. 

Aipaturiko txostenak infiltrazio horren dimentsioari buruz ohartarazten du, 2023tik 2025era bitartean, infiltratuak mugimendu ugaritan parte hartu baitu. Palestinaren aldeko manifestazioetan, pentsioen erreformaren aurkakoetan, ingurumenaren aldeko ekintzetan eta tokiko erresistentzia-ekintzetan izan da hainbat tokitan. Militanteek, hala, ohartarazi dute neurriak premiazkoak direla borrokaguneak babesteko, paranoia saihesteko eta segurtasuna indartzeko.