argia.eus
INPRIMATU
Deustuko salesianoetan jasandako sexu-abusuak salatu dituzte hamabi lagunek
  • Deustuko salesianoen ikastetxean egindako sexu-abusuengatik hamabi lagunek jarri dituzte salaketak Ertzaintzan. Zortzi aurkeztu zituzten hasieran eta beste lauren berri eman du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 06a
Deustuko salesianoen ikastetxeko ikasle ohiek jarri dituzte salaketak (argazkia: KRistau Eskola).

Astelehen honetan, salaketa jarri zuen pertsonetako batek ikastetxetik pasatako beste pertsonak animatu zituen pausoa ematera. Bere kasuan, adierazi du 9 urte zituenean hasi zela sexu-gehiegikeriak jasaten salesiarretako irakasle baten aldetik: José Miguel San Martin, “don Txemi” zentroko ikasleentzat.

Ikastetxeak iragarri du “barne-ikerketa” abiatuko duela, Deiak jaso duenez. “Aurkeztutako salaketak izan dezakeen lege-ibilbidea gorabehera”, zentroak babesa adierazi die salaketa jarri dutenei eta laguntzeko prest agertu da.

“Barkamena eskatu nahi genuke, hain deitoragarriak diren ekintzak gertatu ahal izan direlako gure artean, guk detektatu gabe”, gaineratu zuten.

1975etik 1990era bitartean izan zen irakasle Deustuko salesianoetan San Martín. Urte hartan, kongregazioa uzteko eskatu zuen. Geroztik egin duen ibilbideak izan du zerikusirik salaketan, izan ere, euren kasua argitara atera duten zenbait lagunek azpimarratu dutenez, San Martín orain nerabeentzako kanpamentu bateko zuzendaria dela jakin dute.