Bilboko Udaleko ordezkariak Deustuan izan dira, Ramon y Cajal kalearen inaugurazio ekitaldian. Udalaren huste agindua indarrean duen Gazte Lokaleko kideak agerraldia egin dute.
Birmoldaketa lanetan izan ostean, ostiral goizean inauguratu dute Deustuko Ramon y Cajal kalean obretan izandako kale zatia, eta honen atzealdeko aparkalekua. Obrek 1,3 milioi euroko kostua izan dute. Inaugurazio ekitaldian Bilboko Udaleko ordezkariak izan dira, Juan Mari Aburto alkatea eta Asier Abaunza zinegotzia tarteko.
Gonbidatuez gain, izan da azken unean ekitaldira hurbildu denik, Deustuko Gazte Lokaleko kideak kasu. Gazte Lokaleko banderak airatuz, Udalaren mehatxupean den auzoko proiektu autogestionatuaren aldeko aldarria eraman dute inauguraziora, Udaltzaingoak bidea oztopatu dien arren. Deustuko Gazte Lokalak 2017tik du Bilboko Udalaren huste agindua indarrean.