Deuseztatu daiteke enpresa transnazionalen inpunitatea?

  • Globalizazio neoliberalak ekarri duen agertokian enpresa transnazionalek gero eta botere handiagoa metatzen dute, dela euren dimentsio ekonomiko handiagatik, dela gobernuetan eta nazioarteko finantza erakundeetan eragiteko duten gaitasunagatik. Botere hori inpunitatearen arkitektura juridikoaz osatzen da; arkitektura horri esker, enpresa transnazionalek eskubideak urra ditzakete lege-ondorio handirik jasan gabe, eta aldiz haien interesak erabateko segurtasun juridikoak babesten ditu.

     

(Marrazkia: Joseba Larratxe).

Arkitektura horren oinarria estatuen ahuldade legegilea da. Ahuldade hori beren arauak eredu neoliberalera egokitzetik datorkie, baita merkataritza eta inbertsio askeko itunetatik eta nazioarteko finantza erakundeen neurri eta gomendioetatik ere.

Merkataritzarako eta Inbertsiorako Hitzarmen Transatlantikoa (TTIP) itun horietako bat da, une honetan Europar Batasuna eta AEBak negoziatzen ari direna. Haren bidez bi bazkideen arteko muga-zergen hesiak ezabatu nahi dituzte, bai eta korporazio handien ondasun-pilaketari mugak jartzen dizkieten arauzko oztopoak ere –gizarte eta ingurumen arloetako oinarrizko arauak–.

TTIPen oinarri juridikoak demokrazia eta herrien burujabetza mugatzen dituen armazoi juridikoa-ren zati dira. Kapitalismo globalaren araudiaren ondareak –kontratuak; merkataritza eta inbertsio arau multilateral, bilateral eta eskualdekoak; eta lex mercatoria berria osatzen duten ebazpen-auzitegien erresoluzioak– gehiengo sozialaren etorkizuna baldintzatzen du. TTIP ez da merkataritza akordio hutsa, enpresa transnazionalen zerbitzurako tratatu fundazional berria da.    

TTIPek darabilen teknika juridikoa ez da neutrala: konpainia multinazionalen eta kapitalaren alde eraikitako inpunitatearen arkitektura dela esan genezake. Berdintasun eza eta asimetria ezinbesteko osagaiak ditu; gehiengo sozialek ezagutu eta deuseztatu egin behar dituzte haren gardentasun eza eta Zuzenbide Estatuaren elementu formalen berrinterpretatzea.

Tresna horiekin lortzen da, esate baterako, etxegabetutako familia batek baino babes handiagoa izatea banku batek, edo Amazonas suntsitu duten enpresak ez egotea behartuta beren milioietako irabazien dolar bakar bat bera ere erabiltzera egindako kaltea konpontzeko; aldiz, enpresa transnazionalek salaketa jar dezakete lege edo politika aldaketen bitartez irabaziak murrizten dizkieten estatuen aurka.   

Giza eskubideak baino interes ekonomikoak babesten dituen sistema batez ari gara, beraz. Asimetria horren zergatietako bat da Nazio Batuen Gutunean jasotako giza eskubideak betearazteko tresna loteslerik ez dagoela. Hutsune hori betetzeko asmoz, hainbat estatu eta elkartek lortu dute Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeak berriz heltzea giza eskubide eta enpresa transnazionalei buruzko arau lotesleen eztabaidari.     

2004an, Enpresa Transnazionalen eta bestelako Merkataritza Enpresen Erantzukizunari buruzko Arauak geldiarazi zituzten. Baina 2014an, Ekuadorrek eta Hegoafrikak lortu zuten mekanismo lotesle baten aldeko proposamena onartua izatea. Hala, enpresa transnazionalek eta haien jatorrizko estatuek kontrako presioa egin arren, Enpresa eta Giza Eskubideen Itun Loteslea osatuko duen gobernu-arteko taldea eratu da. 2015eko ekainean egin zuten lehen lan saioa.     

Saio horren balorazioa gazi-gozoa da. Batetik, gaiaz berriro hitz egitea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula; bereziki kontuan hartzekoa da gobernuz kanpoko hainbat erakunderi esker transnazionalen biktimen ahotsa entzun ahal izan zela. Modu horretan, agerian geratu zen premiazkoa dela justizia eta kalteen ordaina bermatzea.    

Baina aldi berean, Nazio Batuen sistemako Estatu boteretsuenen jarrerak pentsarazten digu itun honek ibilbide laburra egingo duela. Europar estatu gehienek, AEBek eta Kanadak ez zuten lan saioan parte hartu. Europar Batasunak bai, baina batez ere eztabaida blokeatzen saiatzeko. Lortu ez zuela ikusitakoan, zilegitasuna kentzen ahalegindu zen.  

Egoera horrela, hurrengo urratsak zalantzazko agertoki batean etorriko dira. Lantaldeko presidentea María Fernanda Espinosa diplomazialari ekuadortarra ondo dihardu bere zereginean, baina enpresa transnazionalen jatorrizko estatuak indar biziz saiatuko dira lana oztopatzen, prozesuari zilegitasuna kenduz eta bat egin nahi duten herrialdeei inbertsioak eta laguntzak kentzeaz mehatxu eginez.     

Horren aurrean, beharrezkoa da herri mugimenduak Nazio Batuei eta gobernuei presio egitea, hala nola kaltetutako komunitateak ikusarazi eta babestea. Justizia eskaera zabaltzea lortu behar da, eta gaur egungo korporazioen kontrako zigorrik eza onartezina izatea. Eta prozesua ezagutarazi behar da, eztabaidak ez daitezen egin Genevan itxitako ate baten bestaldean. Mundu guztiak jakin behar du nor ari den korporazioen alde.

Aldi berean, ezin geldirik egon hamar urtez jaramonik egin ez dion arazo bati NBEk konponbidea noiz emango zain. “Korporazioen boterea eraitsi eta inpunitateari amaiera eman diezaiogun!” kanpainak Herrien Ituna ondu du, antolakunde, herri mugimendu eta kaltetutako komunitateen proposamen  juridikoak biltzen dituena, eta justizia bermatzeko hainbat mekanismo mahai gainean jartzen dituena. Halaber, Herrien Auzitegi Iraunkorrak izan dira azken hamarkadetan. Epaitegi ofizialek bizkarra ematen dieten kasuak ikusarazi eta transnazionalek sistematikoki giza eskubideak zanpatzen dituztela frogatu dute behin eta berriro.

Oharra: Artikulu hau Aktualitatearen Gakoak liburuan argitaratu dugu. Osorik eskura dezakezu ARGIAren sareko dendan.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2016
Aktualitatearen Gakoak
Abiadura biziko aktualitateari begiratu lasai

Urtea hastearekin batera eta 2016ko urtarrileko estiloari jarraituz, pasa den urteari begira jarri, aztertu eta datorrenari zer begirekin so egin asmatzen ahalegindu dira ARGIAko hauek Aktualitatearen Gakoak kazetaritza liburuxkan. Ez profeta izateko desirarekin, 2017an izango... [+]


Etorkizuneko eredu ekonomikoa gure artean dugu

Europan sistema ekonomiko feudala hegemonikoa zen garaian, itsasotik hurbil zeuden hiri askotan beste egiteko modu batzuk lantzen hasi ziren, batez ere itsas komertzioarekin lotutako salerosketek eragindako kapital metaketari esker. Orduan landu ziren banaketa, ekoizpen eta... [+]


2016-03-10 | Eduard Voltas
Katalunia independentziarantz
Prozesuak jarraituko du

Kataluniak bere etorkizunaz erabaki dezakeen subjektu politikoaren ideia katalan gizartearen hezur mamiraino sartua da, independentismoaren mugetatik askoz harago. Espainolismo atzerakoienak bakarrik arbuiatzen du, PPk eta Ciudadanosek.


2016-03-09 | Jon Torner Zabala
Futbola ere lapurtu ez diezaguten

Ez gara gu izango kirol profesionalak jasotzen dituen laguntza publikoak justifikatuko dituztenak. Alde positiboago batzuei heldu nahi izan diegu ordea, pelotazo urbanistikoak edota petrodolar exotikoak ikur dituen futbolaren aurpegi humanoagoa erakusten dutelakoan.


Kutxabanken erronkak

Burtsara irteteko borondatea atzeratuta, bankuak hainbat erronkari egin beharko die aurre: kapitalen premia, araudi gogorra eta jabetza. Zer egin nahi dugu Kutxabankekin?


Eguneraketa berriak daude